Alternatibako bozeramaile Asier Vegak bere alderdiaren elkartasuna adierazi nahi izan dio gaur Andaluziako Langileen Sindikatuari (SAT), “egunotan Alderdi Popularraren jazarpena pairatzen ari dena, atxilotze aginduak eta salaketa mehatxuak direla medio” merkatal gune handietan eginiko ekintzaren ostean, zeinetan langileek ezinbesteko elikagaiak eraman zituzten beharrizan handienak dituztenen artean banatzeko.
Vegak gogorarazi eta sindikatuko ordezkariek baieztatu dutenez, “gizartea esnarazi eta matxinadarako deia izan da ekintza, herriaren kontrako erasoak eta murrizketak gero eta jasanezinagoak diren unean”. Hala, Andaluzian SATeko militanteak atxilotzen ari diren egun berean AEBetako justizia departamentuak finantzen krisiaren sustatzaile handienetako bat Goldman Sachs enpresaren agintarien aurka egiteko funtsik ez duela iragarri izana ironikoa bezain adierazgarria dela uste du.
Alternatibatik SATeko militanteen atxiloketak gelditzeko exijitu du, “aberatsenak babesten dituen gobernu baten menpekotasunari bakarrik erantzuten diotelako, herritar xumeen egoera larria arintzeko ezer egiten ez duen bitartean”. Alderdi ezkertiarreko ordezkariak, halaber, Mercadona bezalako elikadura sektoreko supermerkatu kateek zaborrera botatzen duten elikagai kopuru handiaz ohartarazi du, gero eta pertsona gehiago pobrezian bizi direnean. Errealitate gordin honek ere “zilegi egiten du ezinbesteko elikagaiak desjabetzea beharrezkoak dituztenei helarazteko, Andaluzian egin bezala”.
Vegak nabarmendu du, gainera, Juan Roig Mercadonako presidentea ez dela bereziki eredugarria, adibide batzuk aipatzearren: “Lan erreforma are gogorrago baten alde egin du; Greenpeacek 2011ko 40 enpresarik txarrenen artean sailkatu du Mercadona, bere hornitzaileak aukeratzean Marokoren sahararren gaineko zapalketa sustatzen duelako; horrez gain, bere supermerkatuetan lan egiten duten emakumeei makillatzera behartzen ditu”.
Ildo beretik, bozeramaileak “krisia sortu eta harekin espekulatzen eta aberasten ari direnen logikari erantzuteko beharra azpimarratu du, gero eta baliabide zein eskubide gutxiago dituzten pertsonen lepotik egiten dutelako”. Horrexegatik, herritarrak pobreziara zigortzen dituzten politikak iraultzeko indarrak batzeko deia berretsi die Alternatibak mugimendu sozial, sindikal zein politikoei, “ezinbestekoak ditugu borrokarako bide berriak asmatu eta jorratu, esku ikusezina zein honek mugiarazten dituen hariak maskaragabetzeko”.