Euskal Herria Bilduk atzo Eusko Legebiltzarrean PNV, PP eta PSEren babesarekin hartutako erabakia salatzen du, baimena ematen zaiolako Eusko Jaurlaritzari telekomunikazio sare publikoa Euskalteli saltzeko. Orain arte, eta telekomunikazio sarea jaio zenetik, Euskaltelek alokairuan erabiltzen zuen. Erabaki hau sektore publikoaren deuseztapenean beste urrats bat da baina oraingo honetan are larriagoa da gardentasun eza nabaria delako eta operazio berari espekulazio kiratsa dariolako.
Berriro ere, alderdi eskuindarrek beraien liskarrak ahaztu eta sektore publikoaren pribatizazio politikak aurrera ateratzeko bat egiten dute, eta PSE-k politika horiei ez die aurre egiten, okerrago oraindik, laguntzaile bihurtzen da.
Lehen fase batean, Eusko Jaurlaritzak orain Euskaltelek alokairuan erabiltzen duen telekomunikazio sare publikoa salduko dio Euskalteli. Salmenta honen helburua Eusko Jaurlaritzak dirua lortzeko saldu nahi dituen akzio publikoak erakargarriagoak bihurtzea da. Euskaltelek aldiz, akziotan ordainduko dio Eusko Jaurlaritzari eta ez dirutan.
Bigarren fase batean salmenta egingo da, ziur asko Kutxabank-eko akzioekin batera. Eusko Jaurlaritzak %5 azpitik utzi nahi du bere partizipazioa Euskaltelen eta Kutxabank-ek, orain akzio gehien duen enpresak, %50aren azpitik. Operazio honekin Kutxabank-ek bere balantzetik kendu nahi ditu Euskaltelen emaitzak eta Euskaltelek Orangeri ordaindu behar dion 222 milioi euroko isuna ordaintzeko eman zion kreditua.
Azken finean, ondare publikoa enpresa pribatuen eskuetan jartzeko diseinaturiko operazio baten aurrean gaude, gardentasunik gabe egindakoa, espekulazio kiratsa dariona eta, azken finean, sektore publikoaren deuseztapenean urrats berri bat suposatzen duena. Mozkinak aterako dituzten bakarrak Euskalteleko akziodunak, Kutxabank-eko akziodunak eta Euskaltel-eko akzioen ustezko erosleak dira. Bitartean, euskal gizarteak bere zergekin lortutako ondare publikoaren desagerpena eta Eusko Jaurlaritzak Sektore estrategikotatik inbertsioak kentzen dituela ikusiko du, egun Euskaltelen kudeaketa txarra oraindik txarragoa eginez.