Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek normalizazio politikorako “atzerapen larria” deritzo PPren Gobernutik zein haren esanetara dauden Auzitegi Nazionala bezalako erakunde atzerakoien eskutik Iosu Uribetxebarria presoaren gainean sortzen ari diren egoerari. Euskal Herriko zein Espainiako erresumako eskuin indarrek abiatuta kanpainatik haratago, oinarrizko giza eskubideak eta espetxe legeria urratzeko aitzakiak bilatzen baitituzte, “guztiz onartezinak dira giza eskubideen aldeko manifestazioen eta elkartasun adierazpenen debekuak, benetako salbuespen egoera ezartzen baitute”.
Alternatibatik “maskaratutako estrategia” sumatzen dute, konponbidean dagoen gatazka iraunarazteko ahaleginetan ari direnen partetik, “elkarretaratze baketsuak legez kanpo utzita oztopoak jarri besterik ez dute nahi, Euskal Herriko kultura eta komunikazio alorretako ordezkari adierazgarriek deitzen dituztenak ere”, besteak beste, Txaro Arteaga, Joan Mari Irigoien, Andoni Egaña edota Martxelo Otamendi bezalako lagunek Donostitik Arrasatera deitutako martxa kasu, Auzitegi Nazionalak atzo debekatu zuena.
Matutek legeak zehaztutako askatasuna aldarrikatu du berriz Uribetxebarria zein gaixotasun larriak dituzten gainerako presoentzat, “justizian baino, mendekuan oinarritutako erabakiengatik baitaude kartzelan”. Era berean, herritarrei giza eskubideen aldeko elkarretaratze guztiekin bat egiten jarrai dezatela dei egin die, “iraganeko egoerara itzuli nahi direnen probokazioei men egin gabe”. Azkenik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak pertsona guztien eskubide guztien aldeko defentsa aldarrikatu du, “gatazkari eutsi nahi diotenen kontra gizartearen gehiengo zabalak bakea nagusi izango duen etorkizuna lortu nahi duelako”.