Alternatibako Koordinakunde Nazionaletik gure doluminak helarazi nahi dizkiogu NPAri (Le Nouveau Parti anticapitaliste) Alain Krivineren heriotzaren aurrean. Izan ere, haren bultzatzaile nagusietako bat eta Frantziako ezkerreko militante nabarmena da asteburuan Parisen zendu dena. Zalantzarik gabe, belaunaldi oso baten erreferenteaz ari gara, iraultzaile eredugarria, zapalkuntza zein bazterkeria ororen kontrako borrokalari nekaezina. Bere izaera internazionalista ere gogoratu nahi dugu, euskal herritarren autodeterminazio eskubidea defendatzera eraman zuena beti.
Dolurako denbora da, baina atsekabeaz baino, itxaropenez bizitzekoa, izan ere, pertsonak badoaz, baina beren ideiek irauten dute. Horregatik, Euskal Herriko ezker subiranistatik bere ondarea kontzientzietan eta kaleetan irautea nahi dugu. Milaka izan daitezela gaur, eta bihar milioika, aldarrikapenez betetako plaza eta kale eferbeszenteetako galtzadarrien azpian hondartza bilatzen jarraituko dutenak. Bere oroitzapenak anaitasun eta herrien arteko elkartasunezko loturak ehuntzen jarraitzeko balio dezala. Eta haien irakaspenek ez diezagutela inoiz ahaztarazi pairatzen dugun sistemarekiko haustura demokratikotik bakarrik eraikiko dugula mundu hobea. Agur eta ohore Krivine kamarada.