Diane Tong idazleak “Ijitoen kontu zaharrak” (Siruela) liburuan kontatzen du. 1987an Atenasetik Tesalonikarako trenean Katina Makri doa, berrogei urteko emakume ijitoa. Trenaren konpartimentuan daudenei ipuinak kontatzen ari zaie. Trenak bere bidea egiten duen bezala, ipuinek ere euren bidea egiten dute gau osoan zehar.
Katina Tesalonikan bizi da eta atez ate saltzen ditu brodatuak, askotan Grezian barrena bidaiatuz lagun taldearekin. Arratsaldetan elkartzen dira elkarri ipuinak kontatzeko. «Bazen behin hiru alaba zituen jostun bat, Greziako neskarik ederrenak. Jostunak soineko eta trajerik zoragarrienak egiten zituen; guztiak ziren liluragarriak».
Badira 500 urtetik gora Ijito Herria Europako lurraldera heldu eta barreiatu zela. Euskal Herrian ere ijitoek euren lekua aurkitu zuten. Euren kontrako aginduak eta jazarpenak izugarriak izan baziren ere, bi kulturen arteko harremanak uzta ederrak ere eman zituen; horietan ederrena erromintxela, ijito euskaldunen hizkera; tamalez, zantzu batzuk besterik ez dira gelditzen egun. Euskal kulturan, oro har, Ijito Herriaren hariak aurki daitezke. Ordea, non dira ijito euskaldunen ipuinak? Euskal ipuin biltzaileek ijitoen istorioak jaso ote zituzten? Beharbada, gerta zitekeen baserri bateko emakumeari edo gizonari, ijitoak izanik, jasotako ipuina ijitoena izatea, baina horrela ez dokumentatzea. Soineko ederrenak egiten zituen jostunaren istorioa kontatzen ote zuten?
Joxemari Carrere – Alternatiba