Alternatibako Mahai Internazionalistako bozeramaile Gonzalo Fernandezek bere alderdiaren izenean Hugo Chavez eta ordezkatzen duen Gran Polo Patriotico zoriondu nahi izan ditu, “atzoko hauteskunde presidentzialetan lortutako garaipen eztabaidaezinagatik, gardentasuna eta lasaitasuna nagusi izan diren bozetan”.
Fernandezek esan duenez, Venezuelaren historian inoizko parte-hartzerik handiena -%80aren gainetik- izan duten hauteskundeetan Chavezek lortu dituen 8 milioitik gorako botoak “herritarren sostenguaren isla besterik ez dira, herritarren gehiengoarekiko konpromisoan oinarritzen den proiektu politikoarena, Latinoamerika uztartua eta burujabea eraikitzeko borondatea duena”. Horregatik, Alternatibaren itxaropena da “legegintzaldi hau iraultza bolibartarrak proposatzen duen sozialismo demokratikoan aurrera egiteko baliagarria izatea, haren parte sentitzen garelako”.
Mahai Internazionalistatik, halaber, garaipena “ohartarazpena” izan dadila espero dute, Amerikan zein Europan: “Masa komunikabideak munduan zehar prozesu burujabeen inguruan desinformatzeko joera badute ere, krisi garai honetan, herritarrek ondo dakite bereizten zeintzuk diren gure bizitzak hobetzeko asmoz sortutako aldizkatzek eta zeintzuk doazen merkatuen eta transnazionalen eskutik, bidegabekeriara eta eredu jasangaitzak proposatzera”.