Arrazoia duenak duela (osorik edo egiaren zati bat); eta hori ez da erraza jakiten alde bakoitzak esaten duenaren arabera.
Gazte taldeen arteko xextra, liskarra, are okerrago, elkarri mokoka aritzea, Donostiako Parte Zaharrean emandako espektakulu deitoragarria; negargarria iruditzen zait, begiratzen dudan aldetik begiratzen dudala.
Ez dira hainbeste urte herriko festetan jaia eta borroka aldarrikatzen genuela: ikurrina, presoak, intsumisioa, NATOren aurka, eraso sexisten aurka… Asko ziren arrazoiak jai garaian ere borrokatzeko, eta asko dira oraindik ere. Hasieran, Guardia Zibila genuen arerioa; ondoren, Polizia Nazionala; eta azken urteetan Ertzaintza. Nire herrian, Oreretan, gertatutakoak betirako geratuko zaizkit iltzatuta memorian.
Aldatzen joan dira garaiak, aldatu dira belaunaldiak, eta, horrekin, ohitura berriak etorri dira, normala denez. Hala ere, arazoak hor segi arren, parranda topera izan da azken urteetako aldarri nagusia gure jaietan. Eta, dirudienez, txosnak dira jaiaren eta borrokaren azken arrastoak.
Nire parranda urteak joanak dira, baina ez dut ezer parrandaren aurka.
Aurten, berriz, denon harridurarako, liskarra nagusitzen ari da gure jai aurreko giroan. Liskarra gazte taldeen artean, gaztetxeak eta txosna eremuak disputa tokiak bihurtuz. Disputa ez da txarra berez, modu eta forma egokian egiten bada, eta auziak sakontzeko balio badu. Suntsigarria da, berriz, txiringitoan zein nagusi! helburu, eta modu sektarioekin egiten bada.
Horregatik, bat egiten dut Martxelo Otamendiren iritziarekin: «Hamaika azalpen eta justifikazio emango dituzte batzuek eta besteek, nork bere bertsioa edukiko du, egia berdaderoa haiena dela aldarrikatuko dute lau haizeetara. […] Herritar horien kezka nagusia da ezin dutela ulertu nola den posible printzipio politikoetan horren urruti ez dauden bi erakundetako kideen desadostasunak bukatzea irainekin, mehatxuekin, kolpeekin, talde borrokekin».
Nik ulertu, ulertu bai, baina inondik inora ere ez justifikatu.
Ulertzen dut; sektarismoaren pozoia nire haragitan bizi eta sufritu izan dudalako. Batzuetan ni eta nire sokakoak izan gara egur emaile; bestetan, kristorenak eta bost jasan ditugu. Adibidez, ETAren Bosgarren Asanbladan, ETA-Zaharra eta ETA-Berriren zatiketa ondoren, ETA-Zaharrean geratu ginenok nola zafratzen genituen ETA-Berrikoak (hitzezko erasoa, inoiz ez fisikoa); eta handik urte gutxira, medizina bera probatu nuen ETA Seigarrenean. Traidoreak omen.
Gaurtik atzera begira, ematen du frankismoko eta frankismo osteko garai haiek kutsu epikoa dutela. Eta hein handi batean egia da hori. Idealen alde sakrifikatzeko gaitasuna, militantzia heroikoa, dena emateko prest; baina horrek guztiak bazuen bere ifrentzua: liskarrak kuadrilletan, zatiketa soziedadeetan: zu espainolista zikina, zu burges txiki alaena… Eta gehienetan eraso bortitzenak (herra handiena), krudelenak, duela gutxi arte lagun edo kide izandakoekin. Zatiketa zaharrak eta desadostasunak lausotzen diren heinean, zatiketa berriak bihurtzen dira gordinenak, muturrekoenak, sektarioenak. Urkoa etsai.
Guk bizi izandakoa aspaldiko tradizio batetik zetorren. Sektarismoa, eztabaidatzeko forma txarrak, ia klasikoetatik datoz. Ezkerrak bere DNAn dauzka txertatuak ideal handiak eta miseria ez hain txikiak. Bere garaian burua berotzen ziguten zenbait eztabaidak, gaurtik ikusita, deseroso jartzen naute: Marx eta Proudhon; Rosa Luxenburgo eta Bersthein; Lenin eta mentxebikeak. Eta gurean, espainolistak eta estatalistak. Dena den, eztabaida haiek bazuten bere zentzua, une fundatzaileak baitziren, zeinetan programak, filosofia eta estrategia, dena sortzear baitzegoen. Eta kontua literatura politikoaren alorrean gelditzen zenean, gaitz erdi! Boterea tartean sartu zenean, gobernu sozialdemokratak Rosa Luxenburgo kide ohia akabatzea agindu zuen. Eta Errusiako Iraultzaren degenerazioaren ondoren, purgak eta sektarismoaren jauzi kualitatiboak izan ziren Errusian eta Espainian. Errepublika garaian Stalinen txekistak, PCEren onespenarekin, Andreu Nin bahitu eta hil egin zuten. «Non dago Nin?», galdetzen zuten bere kideek. Eta besteek erantzun: «En Salamanca [Francorekin] o en Berlin [naziekin]».
Sektarismo handien ondoan, badaude eskala txikiko sektarismo xixtrinak, botere edo hegemonia xumeei lotuak. Nork dominatu gaztetxea; esparru soziala; borroka bat ere. Zoritxarrez, ohikoenak direnak gure jardueran. Gehienetan borroka hutsalak, geroago ikusita. Zenbat bataila antzu! Intsumisio garaian, Leitzarango borrokan, feminismoan eta abar; batean ENAMekoak eta bestean Ezker Komunistakoak. Aurkia eta ifrentzua hemen ere. Lan bikainaren eta borroka eredugarrien atzean zenbat labankada trapero; zorionez, kanpoko herritarrek ikusten ez zituztenak.
Zorionez ere, azken urteetan ia alor, esparru eta gai guztietan ezkerrak norabide desberdin bat hartu du, indarrak batzearen alde. Elkartzeko modu zabal eta anitzak sendotu ditu (hori izan zen arrazoi bat ni Alternatiban sartzeko, esate baterako). Horrek bere alde onak ekarri ditu; baina baita estrategia berri horiekiko susmo txarrak eta kontrako joerak ere. Horren atzean badago arrazoi bat: egungo ezkerraren politika egiteko moduek ez dute zer ikustekorik garai batekoekin (ez hemen eta ezta ia mundu guztian ere); belaunaldi berrien sektore batean mesfidantza sortu du horrek, kontrakotasuna ere bai, eta hori islatzen da gazte mugimenduaren zatiketan.
Salduak, poltroneroak, traidoreak ere (printzipioei behintzat), usu sektore horretatik jaurtitzen diren salaketak dira. Beren burua hartuz puruen, aratzen, iraultzatasunaren kintaesentziaren eredu. Beren taldetik, beren mugimenduetatik, beren txokotik, alor unitarioetatik aparteko jardueretan liberalek eta sozialdemokratek agintzen baitute, hori kutsagarria baita. Ikuspuntu horretatik, zurekin ados ez dagoena kontrariotzat jotzeko arrisku handia dago. Kutsatu ez zaitzaten, alde bakarretik joateko tentazioa.
Eta sektore horrek, gainera, eraso bakoitza (benetakoa edo ustezkoa) ildo sozialista edo komunistaren aurkakotzat salatzeko ohitura hartzen du (beste tokietan ari den komunistarik ez balego bezala). Nire aurka dagoena antikomunista da (gauza bera esaten zieten estalinistek troskistei).
Hitz batez, ia mundu guztian ezkerra aspalditik dabil haizeak nondik jotzen dion garbi ez dakiela, bere tradiziotik (izan komunista, izan sozialista) zer uxatu eta zer mantendu hausnarrean. Belaunaldi berri baten sektore batek, berriz, Saulok Damaskora bidean zalditik erori eta argia ikusi zuenean bezala, testu zaharretik edanez komunismoa du aldarri (zein komunismo, ordea, estalinismoarekin autokritiko ez bada?), gainontzeko guztiak burgesak edo aburgesatuak kontsideratuz. Horrek tarte gutxi uzten du elkarlanerako. «’Ahalduntzearen eta feministen tranpez’ aritu diren Itaiako emakumeek antolatutako jardunaldiei buruzko BERRIAko notizia ere. Feminismoa eta identitate politikak despolitizatzaileak omen dira, helburu sozialistak urrunduta. Soinu ezaguna da; Espainia aldean ere ‘dibertsitatearen tranpa’ haizatu zuten duela urte batzuk. Rojipardismotik gertukoenek maiz astintzen duten bandera, denik eta gorrienak agertu nahi baina ibili eta bueltan eskuin muturraren salda lodituz». Arrisku horretaz ohartarazten zigun asteazkenean Angel Errok
Hala ere, sortu berri den ildo horren ezaugarriak gustatu ala ez gustatu, zilegitasun osoa dute existitzeko, bere esparrua indartzeko, dirua lortzeko beren proiektuak aurrera egin dezan. Eta hori ez bada onartzen, beste sektarismo batean eroriko ginateke. Eta ikusita gauzak nola burutu diren (eta zabaldu diren alde bateko eta besteko agiriak irakurri ondoren), duda sartzen zait biek ala biek ez ote duten (dugun) zozoa eta belearena egin.
Bakoitzari berea. Baina zilegi deritzait esatea denok dugula denon beharra, eta horrek eskatzen du gune unitarioak, esparru komunak sortzea (asanbladak), non eztabaida libre eta errespetuzkoak bidera daitezen; elkarrekin aritzeko formulak aurkituz, neoliberalismoaren diktaduraren eta faxistizazio garai hauetan aritzeko.
«Umildadeak elkarri errespetu ekarri», zioen gure Xenpelarrek.
«Gazteak baleki, zaharrak baleza», dio atsotitz ezagun batek.
Hau da. Zoragarria gazteriaren indarra, ausardia, helduok jada agortua edo ahuldua duguna. Nire miresmena, edozein dela bere ildoa —betiere ezkerrean kokatzen bada—, gazte borrokalariekiko. Baina hain beharrezko den ausardia hori ezin da itsukeria bihurtu, dogma ere ez. Gazteak bere ideologian ere heterodoxoa izan behar du beti. Eta Parisko Komunaren garaitik hona (non Marxek aurkitu zuen inspirazioa komunismoak zer izan behar zuen azaltzeko) ur asko igaro da munduko zubi guztietatik. «Sobietar Batasuna desagertu zenetik eta, batez ere, txinatar komunismoaren bilakaera harrigarriaren aurrean, ‘atzora arte, itxaropen eta promes handien airea zeramaten hitz guztien artean, komunismo hitza izan da higadura gehien jasan behar izan duena Estatuaren arrazoi burokratikoaren preso eta enpresa totalitario baten zerbitzura egon delako’, ohartarazi zigun Daniel Bensaïdek». Hala idatzi nuen duela hilabete batzuk berripaper honetan.
Horrek eman behako liguke zer pentsatu, eta batez ere umildadea.
Ez naiz inozoa eta badakit arrazoi onak emanda ez direla berez gauzak konpontzen. Borondatea behar da, saiatu egin behar da gauzak bideratzen. Baina uste dut eskarmentutik ikasi egin behar dela, eta nirea azaltzen ausartzen naiz, batzuentzat baliagarria izango delakoan.
Ez dago gauza okerragorik ezkerrentzat, bidaideen artean ostikoka aritzea baino, espektakulu negargarri horren aurrean etsaia gutaz barrez lehertzen ari den bitartean.
Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak onarTU.
Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba
BERRIAn argitaratua