Alternatibak hitzaldi ziklo bat antolatu du aste honetan, 1975eko azaroan Franco hil eta 1977ko urtarrilean Atochako abokatuak hil zituzten arteko 12 hilabeteetan emandako borroka laboral eta sozialen inguruan. Enrique Gonzalez de Andresen “1976, el año que vivimos peligrosamente” (1976, arriskuan bizi izan gineneko urtea) (Postmetropolis, 2022) liburuaren aurkezpena izango da hitzaldien ardatza. Alternatibako hainbat kidek hartuko dute parte ere, Espainiako erresuman demokraziarako Trantsizioa delakoan bizi izandako esperientziak partekatzeko.
Enrique Gonzalez de Andres Historian doktorea da UNEDen, eta Frankismo eta Trantsizio garaiko Espainiako Alderdi Komunistaren politiketan espezializatu da. Halaber, sakon ikertu du Espainiako langileriak eta ekonomiak XX. mendearen bigarren erdian izan duten bilakaera. Gonzalez de Andresek aurretik ere parte hartu izan du Alternatibaren jardueretan; 2018an alderdiaren Donostiako egoitzan aurkeztu zuen bere aurreko lana: “¿Reforma o ruptura? Una aproximación crítica a las políticas del Partido Comunista de España entre 1973 y 1977”.
Lehenengo hitzaldia bihar, asteartea, urriak 18, izango da Arrasateko Jai Zalen (Olarte 37), arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Bertan, liburuaren egilearekin batera, Piter Encinas, militante ekologista eta Alternatibako kidea egongo da. Hainbat mugimendu ezkertiarretan parte hartu du hamarkadotan, eta Arrasateko zinegotzia izan da EH Bildurekin. Gaur egun, besteak beste, Ekologistak Martxan taldeko kide da.
Bigarren topaketa asteazkenean, urriak 19, izango da Alternatibaren Bilboko egoitzan (Casilla plaza 6). Honetan, Josu Pereak lagunduko dio Gonzalez de Andresi mahaian. Pereak ibilbide oparoa du euskal ezkerrean, EMKtik hasi eta Alternatibaraino, Zutik eta Gorripideatik igaroz. Soziologoa da, eta Geminiani liburua argitaratzear dago, parte hartu zuen laneko eta gizarteko borrokak islatzen dituen kontakizun autobiografikoa.
Azken hitzaldia Errenteria-Oreretan izango da, urriaren 20an, osteguna, 18:30ean Reina Aretoan. Bertan, Joxe Iriarte ‘Bikila’ izango da, ETA-VI, LKI edo Gorripideako buruzagia iraganean eta Alternatibako Koordinakunde Nazionaleko kidea gaur egun. 1976ko amnistia partziala izan zen, hain zuzen ere, bere herrira itzultzeko aukera eman ziona, bertako zein nazioko hainbat gizarte-borrokatan parte hartzeko. Hainbat liburu eta artikuluren egilea ere bada, eta horietan langileen borroka edo indarkeriari buruzko kontakizuna aztertzen du.
Hitzaldi guztiak sarrera askekoak izango dira areto bakoitzeko edukiera bete arte. 1976ko liburuaren ale batzuk egongo dira, hain zuzen ere, modu arriskutsuan bizi garen urte honetakoak, eskuratu nahi dutenentzat eta egileak eskainita eraman ahal izateko.