Nazio guztien eraikuntzan berebiziko garrantzia dute faktore subjektiboek (nazio independente izateko borondateak) eta osagarri organikoek (ohiturek eta, batez ere, hizkuntzak). Dena den, prozesu bakoitzean bi alde horiek modu desberdinean uztartzen dira: Irlanda eta Kurdistan, bi adibide desberdin. Gurean, bi elementu horiek elkar elikatu dezaten saiatzen gara: zeren nazio bat baldin bagara, eta bai gara, nazio burujabea izateko borondatea dugulako da; halaber, borondate hori gorpuzteko berezkoak ditugun hainbat osagarri aldarrikatzen dugu: euskara eta kultura, batez ere.
Alabaina, nola bideratu asmo hori? Euskara berreskuratzea eta indartzea, egun, ez da azaltzen antzinara itzultze bezala edo inor baztertu asmoz (nahas ez gaitezen kanpotarrekin, Sabino Aranaren esanetan), baizik eta, kanpoko edo bertako, gurean bizi diren guztiak herritartzeko eta nazio eraikuntzan barneratzeko bide bezala, sarri jasaten duten diskriminazioen kontra borrokan ari direnean euskal errealitatean txertatzeko eta erroak finkatzeko bide bezala.
Esaterako, nola izan edo bilakatu euskaldun? Hedoi Etxartek, Joxe Azurmendiren iritzia gogoratzen zigun berriki: «Zein da euskalduna? Galdera konplexua […] Euskalduna izatea proiektu bat da, izan nahi izatea. Bizitza euskaraz egin nahi lukeena ere euskalduna da. Euskalduna da, berak agian ez, baina bere haurrek bizitza euskaraz egitea nahi lukeena». Etorkinek ez dute lekurik horretan? Nire ustez bai. Are, ezinbestekotzat jotzen dut.
Sozialista ikuspegitik, bestalde, gure helburua baldin bada langile klasea, populazioaren zatirik handiena, askapen nazional eta sozialaren prozesu bikoitzaren burua izan dadin, hori nahi badugu, langile klasea ezin da klase nazional bezala eraiki arrazismoan, berekoikerian eta bazterkerian. Aldiz, langilegoak aniztasunean uztartu behar dituzte gizarteak eta nazioak. Bestela, langile klasea bera izango litzateke kaltetuena eta horrelako joerek ukituena, nazioaren eta gizartearen ardatza bihurtzeko prozesuan, eta baita ere kapitalismo estatalaren eta internazionalaren erasoen kontra borrokatzeko hain beharrezkoa den nazioartekotasuna garatzeko orduan.
Horregatik ez da guretzat desiragarri, ezta bideragarri, erdigune etniko itxi eta bakarrean oinarrituriko eraikuntza nazionala, erdigune horretatik kanpoko edozein eragin politiko, kultural edo sozial baztertzen saiatzen dena. Hori izan zen aranismoaren ikusmoldearen alderik okerrena: arrazan eta erlijioan oinarrituriko homogeneotasun baztertzailea, 60ko hamarkadan ezkerreko abertzaleok baztertu genuena. Atzerapauso ikaragarria da «etorkinak ez!» aldarrikatzea.
Azken boladan, langileen soldatan eragin kaltegarria duela eta bere kopuruak eta ugaltze tasak bertako komunitatea arriskuan jartzen duela eta, etorkinen etorreraren kontrako aldarriak entzun ditugu. Ikuspegi horrek ez ditu aintzakotzat hartzen bi elementu. Batetik, burgesiak beti erabiltzen duela langilearen zati bat bestearen aurka, adibidez langabeekin (Marxen Industria-erreserbako ejertzitoa) eta maltzurkeria horri nola erantzun izan behar duela gure egitasmoa. Bestetik, geroz eta zaharragoa den komunitate batean ugaltze tasa onuragarria izan dakiokeela gure gizarte nazionalari, eta proletalgoa beti jatorri askotarikoa denez, nola bihurtu bestela klase nazionala? Bost axola etorkin herritarra nondik datorren; nora goazen jakiteak du garrantzia.
Bestalde, gogoratu behar da ezkerrekoek zor etikoa dugula etorkinekiko (zerikusirik ez duena inozokeriarekin, internazionalismoarekin baizik), gure estatuen ustiaketa kolonialaren eraginez derrigorrez etorkin bihurtzen diren horiekiko. Etorkinak gure baitan onartzea ez da karitate kontua, justizia historikoa, klimatikoa eta soziala baizik. Etika hori laidotuz ez ginateke ezker emantzipatzailea.
Langile klasea indartu. Gure langile klasea jatorri nazional bakarrekoa ez denez, hortik abiatu behar da helburu komunera iristeko. Aldez aurretik bazterrean uzten bada langile klasearen parte handi bat, askapen nazionala eta soziala lortu nahi duen prozesu batek porrot egingo du klase nazional bezala.
Borroka prozesu berean parte hartzen duen neurrian bihurtzen da langileria klase nazional, edo, nahi bada, bat egiten du eraikuntza nazionalaren egitasmoarekin, zeina, dudarik ez, burgesia nazionalistaren egitasmoarekin kontrajarrita baitago. Adibide bat: LABek antolatutako Huertas de Peraltako etorkin langileen borroka. Kataluniako prozesuan ikusi dudan akats larrienetakoa izan da, salbuespenekin, independentismoa ez dela saiatu gehiegi jatorri desberdineko langileria bereganatzen jarduera sozial tinko baten aldetik.
Nazio abegikorra. Jatorrizko etnia (historikoki euskalduna deitua) gutxiagotze bide luze eta gogor baten pean gaztigatua izan da, instituzio historikoen desegitearen ondoren, eta aski traumatizatua kapitalismoaren ezarpen-prozesuan zehar. Horrela, instituzio estatal propioak dituzten gizarteei ez bezala, ukatu egin zaizkio bideak etorkin uholdeak behar bezala eta bere inguru nazionalean herritartzeko.
Hala ere, esan daiteke XIX. mende hasieran, industrializazio bortitzaren eraginez eta frankismo gordinean, elementu kanpotarrek joera asimilatzailea bideratzen zutela gizarte euskaldunarengan; baina, gure herriak erakutsi duen erresilientziari eta iraupen ahalmenari esker, Euskal Herriak iraun egin du denboran, eta, ghetto sozial eta kulturalen kasu nabarmenak salbu, etorkin jendeak nolabait herritartzea lortu egin du.
Hau da, denboran zehar, gure ohiturek, urtetako borrokari esker sorturiko giro politiko-sozio-kulturalak, beraien jatorrizkoaz besteko herri batean bizi izatearen kontzientziazioak (futbol taldea, sagardotegiko giroa, folklorea, borroka nazionala, euskara eta hezkuntza… hor ikastolak eta, batez ere, euskal eskola publikoa), elementu horiek guztiek kanpotarrengan eragina izan dute, eta horietako asko abertzale bilakatu dira, edo, gutxienez, hemengo.
Ezin ahaztu atzoko, gaurko eta betiko izan behar duen aldarri langile klasekoa, abertzalea eta internazionalista: mundu guziko proletalgo eta herri zapalduoi, elkar gaitezen.
Joxe Iriarte Bikila – Alternatiba
BERRIAn argitaratua