Datorren asteazkenean, hilaren 21ean, egitekoak diren Vital, BBK eta Kutxaren batzarren aurrean, Kutxabanken inguruan gertatzen ari denaren gaineko irakurketa eta iritzia plazaratu nahi du Euskal Herria Bilduk.
EH Bildu osatzen dugun alderdiok jarrera kritikoa izan dugu hasieratik Kutxabank sortu eta egituratzeko prozesuan. Hala ere, jarrera eraikigarria izan dugu, hiru kutxak bat eginik kutxa indartsuagoa osatzeko aukera zegoela jakinda, erakundearen izaera publikoa eta ekintza soziala indartuko zuena; bere ezaugarriak definitzeko borondatea eta aukera bagenuelako.
PNVk eta PPk Bildu zokoratzeko eginiko azpijokoak, alabaina, agerian utzi zuen PNVk ez zuela funtzio soziala, gardentasuna edo instituzioen kontrola bermatu nahi; aitzitik, Kutxabank espekulazioaren eredutik zuzendu nahi duela erakutsi du, erabakitzeko esparruak interes politiko eta finantzieroen esku utzita, eremu publikotik egin beharreko kontrola saihestuz eta erabakitzeko ahalmena ahulduta.
PNVren eta PPren arteko iruzur politiko horrek baldintzatu egin ditu handik aurrera Kutxabanken inguruan eginiko urrats eta erabaki guztiak. PSEk Araban babestu zuen iruzur politikoa eta, dirudienez, hiru alderdiek etzi berretsiko dutena Gipuzkoan lehenengo indarra dena baztertuko badute.
EH Bildun argi daukagu Kutxabankek gure herriaren eta bere eraikuntzaren aldeko apustua egin behar duela, beti ere, kutxek izandako izaera publiko eta soziala mantenduz eta bultzatuz. Horixe da, hain zuzen ere, orain galtzeko arriskuan dagoena.
Kutxabank egungo eredua aldatzeko oinarrizko lanabesa izan behar duela uste dugu, garapenerako finantziazioa bermatu, politika sozialak sustatu eta instituzioek beharrezkoak dituzten kredituak ahalbidetuko dituena, alegia.
Euskal Herriko aurrezkiak berton gelditu eta kudeatu behar dira, are gehiago orain, krisiari aurre egiteko estrategia jakinak beharrezkoak direnean. Dirua herritarrena da eta herritarrei bueltatu behar zaie.
Era berean, Kutxabankek etxe kaleratze prozesuak behin-betiko geldiarazi behar dituela defendatzen dugu. Kutxabankek ezin du desjabetze bat gehiago ere gauzatu.
Kutxabankeko pribatizazioa geldiarazi behar da. Kutxek zuten funtzio soziala indartu eta berreskuratu behar da, eta beti, izaera publiko, demokratiko eta garden batekin.
Kutxabankek Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat egin behar du lan, gure udalentzat eta gure gizartearentzat. Eta noski, herritarren interes eta lehentasunen zerbitzuen alde.
Kutxabank eragile aktiboa izaten jarraitu behar du, gure enpresa ertain zein txikientzat kreditu bideak irekita mantenduz, eta horrela, ekonomia bultzatuz.
Kutxabankek ahalegin bereziak egin beharko ditu eta konpromiso argia izan gizarte ekintzari dagokienean, batez ere pairatzen dugun krisi global honetan, herritar eta udalerriekin eskuratu duten konpromisoa mantentzeko.
Hain zuzen ere, EHBildutik bestelako eredua babesten dugulako, pribatizazioari eta etxe kaleratzeei irmotasunez aurre egingo diogulako eta aipatu ditugun politika sozialen aldeko apustua egingo dugulako, BBK eta Vitalen ordezkaritza izan dezagun eta, batez ere, Kutxaren Administrazio Kontseiluan gehiengoa izan dezagun ekiditeko era guztietako mugimenduak gertatzen ari dira. PNV, PP eta PSEren arteko akordio aski ezagunen moduko mugimenduetatik hasita, Kutxaren zuzendaritzaren azkenengora arte, bozetara aurkeztutako eragile sozialen hautagaitza bakarra baliogabetu baitzuen estatutuetatik kanpoko aitzakia iraingarria erabilita. Gertatuko denaren zain, EH Bilduk gehiengoa eskura dezala saihesteko helburua duen iruzur ikaragarri baten aurrean gaude.
Guzti horregatik, gertatzen ari denaren larritasuna salatzeaz gain, deialdi publikoa egin nahi diegu CCOO eta Pixkanaka langileen sindikatuei, ez diezaiotela haien bozka eman politika neoliberaletan sakontzeko helburua duen PNV-PP-PSEren hautagaitzari, etxe kaleratzeak, pribatizazioa, gizarte ekintzaren amaiera eta, azken finean, Kutxak izan behar zirenaren amaiera ekarriko dutelako.