Gipuzkoako Alternatibako koordinatzaile Xabier Sotok, Aieteko Jauregian Akordioaren eta Kontsultaren Aldeko Herritarren Sareak gaur antolatu duen topaketan parte hartu du. Jonathan Powell, Tony Blair bulegoko buru ohia, Euskal Herriko hainbat ordezkari politiko, sindikal eta sozialekin bildu da, bake prozesuan eta normalizazio politikoan alderdi desberdinek orain arte emandako pausoak aztertzen, beti ere, pasa den urteko Aieteko adierazpena abiapuntutzat hartuta.
Batzarraren amaieran, Sotok Alternatibak Aieteko Adierazpenarekiko duen borondatea adierazi du “momentuko gertaera soila baino, Euskal Herriko eragile desberdinen arteko elkarrizketa ahalbidetu eta euskal gatazkari konponbidea emango dion prozesuaren hasiera izan dadila”. Bide honetan, “bidezkoa eta iraunkorra den bakea lortzeko, talde desberdin guztien arteko proposamenen bitartez bakarrik lortuko dugula” ziurtatu du.
Alternatibako ordezkariak positiboki baloratu du Donostiako bileran Lokarrik bultzatutako lana eta prozesua, eta baita Aieteko Adierazpenean parte hartu duten nazioarteko agente guztien borondatea eta parte-hartzea ere. Sotok “Espainiako eta Frantziako Gobernuek Aieteko Adierazpenaren bigarren puntuarekiko ageri duten jarrera ezkorraren aurrean, sinatzaileek honen garapena zehaztearen ardura hartu eta bai ETA, bai Espainiako eta Frantziako Gobernuei eskaera zehatzak egin behar dizkietela” esan du.
Azkenik, Aieteko Adierazpenaren sinatzaileek osatzen duten eztabaida-gune bat sortzearen garrantzia azpimarratu du, “adierazpenaren inplementazioa ahalbidetuko duena, ahalik eta gardentasun handienarekin, herritarren parte hartzeko bitartekoak martxan jarriko dituena”.