Alternatibako Koordinakunde Nazionalak Kataluniako alderdi ezkertiar subiranistak zoriondu nahi izan ditu atzoko hauteskundeetan lortutako emaitzengatik. Talde ezkertiarreko batzorde eragiletik azpimarratu dutenez, gorakada nabarmena izan dute nazio eraikuntza sozialarekin batera ulertzen duten alderdiek, burujabetza herritarrei hitza emateko nahi dutenena, bandera desberdinarekin eginda ere, botere finantziero berdinen aginduetara eta gizarteari bizkarra emanda agindu nahi dutenen aurka.
Alternatibatik, bestalde, bereziki ospatu da Candidatura d’Unitat Popular Alternativa d’Esquerres, CUP, hautagaitza legebiltzarrera lehenengo aldiz heldu izana, 3 eserleku eta 126.00 boto baino gehiago lortuta. Alternatiba hauteskunde kanpainaren azken egunetan izan da, CUPetik jasotako gonbidapenaren ostean, hautagaitza honen hainbat ekitaldietan parte hartzen David Fernandez eta beste zerrendaburuekin batera. Horregatik, bertatik bertara ezagutu ahal izan du CUPeko militanteek eginiko lan paregabea, hautagaitza milaka lagunen erreferentzia izatea eragin izan duen lana: askapen nazionala eta soziala batera lortzea ezinbestekoa dutenena, mailaketarik egin gabe kapitalismoaren, patriarkatuaren, desarroilismoaren, demokrazia faltsuaren eta arrazakeriaren aurka borrokatzen dutenena; erakundeak helburu gisa baino, klase popularren bozgorailu izateko bitartekari gisa erabiliko dutenena, herritarren borondatea ordezkatu baino zapaldu egiten dutenen kontraesanak eta iruzurrak salatzeko.
Guzti horregatik, bere poztasuna agertu du Alternatibak CUPek lortutako emaitza bikainarengatik, eta haien proiektua gero eta zabalagoa izan dadila opa egin die, herritarrak oinarri hartuta sistema eraldatu eta Katalunia zein Herrialde Katalan burujabeak eta sozialistak eraikitzeko apustuan aurrera egin dezatela, behetik eta ezkerretik.