Igor Nabarro, Alternatibako Aniztasun Funtzionaleko Taldeko kideak, abenduaren 3 honetan, Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Egunean alegia, gogoratu nahi izan du urritasuna duten pertsonek pairatzen dituzten bidegabekeriak, aukera berdintasuna eta aitortza soziala urratzen zaielako. Horregatik, “oraindik ere haien eskubideen alde borrokatu egin behar dute”.
Nabarrok salatu du sistema kapitalistaren krisiak egoera larrian utzi dituela urritasuna duten pertsonak eta haien familiak, egunero gainditu behar dituzten oztopoak ugari dira eta murrizketak pairatzen dituzte, laguntzetan eta lan merkatuari begira. Aniztasun Funtzionalaren taldetik azken alderdi honetan sakondu nahi izan dute gaurkoan, izan ere, “Aniztasun funtzionala duten pertsonek beste inork baino zailtasun handiagoak dituzte lan merkatuan sartzeko, eta lortzen dutenean ere, besteek baino baldintza kaskarragoetan” egiten dute. Nabarrok gogorarazi du, halaber, urritasuna dutenen artean, iazko langabezia tasa %40koa izan zela, urritasnik gabeko pertsonena ia bikoiztuz. Gainera, aniztasun funtzionala duten emakumeek gizonezkoek baino zenbaki larriagoak dituzte, 10 puntu handiagoa baita haien langabezia: “Sistema kapitalista honen parte da, zeinen arabera ez gara produktiboak, ez baitugu gainerako langileen modura plusbaliak sortzeko prozesuan parte hartzeko gaitasuna”.
Alternatibatik, bestetik, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbaok asteburuan, elkarrizketa batean, Menpekotasun legeaz esandakoa gogor kritikatu du, inolako enbarazurik gabe honakoa esan baitu: “Inork pentsatu izan balu Menpekotasun Legea bideragarria izan behar zuen, agian ez ginateke egoera honetan izango”. Nabarrok bere kezka azaldu du erakunde publiko batzuetatik erakusten den arduragabekeriagatik menpekotasunaren legeari lotutako laguntzen inguruan, Bilbaok iradoki baitu lege hori beharrezkoa ez dela eta, izatekotan, dirua soberan egotearen menpe egon behar duela, “bermatu beharreko eskubide gisa jorratu beharrean, horretarako aberastasuna benetan banatzeko baliagarria izango den zerga politika eginda”.
Guzti horregatik, Alternatibako kideak herritar guztiei dei egin die, urritasuna izan edo ez, “sistema kapitalista eraldatzeko lanean bat egin” dezatela, “justizia soziala eta pertsona guztien aukera berdintasuna ardatz izango dituen beste sistema batekin ordezkatzeko. Guztion artean eredu berneratzailea sortu behar dugu, adina, genero, aniztasun funtzionala zein bestelako aldagai guztiak kontuan izango dituena”.