Une erabakigarrian gaude. Espainiako banketxeak erreskatatzeagatik Kutxabanken pribatizazioa berehala gertatuko da. Hala ere, gai honen inguruan oraindik ez da eztabaidarik egin BBK, Kutxa eta Vitalen batzarretan, nahiz eta batzar horiek izan Kutxabanken akzioen gaineko erantzukizun osoa daukatenak.
EAJri nahi bezala ateratzen ari zaizkio gauzak. Gertatzen ari den guztiaren atzean dago EAJk eta PPk eredu politiko eta ekonomiko bera partekatzen dutela, eta horren baitan gauzatu zuten akordioa. Aurreratu genuen Bizkaian. Finantza sistemaren erreforma eta politika neoliberaletan sakontzea dira krisi ekonomikoari aurre egiteko EAJk eta PPk partekatzen duten errezeta.
EAJk bere izaeran txertatua daraman eredu neoliberalaren ondorioz, eta emerjentziazko egoera ekonomikoari aurre egiteko Bizkaiko herritarrak eta ekonomia erreala sustatu beharrean, gure eskualdeetako beharrei erantzunez eta bertako enpresetan inbertituz eta lagunduz, jeltzaleek espekulazioa sustatzearen alde egiten dute; gainera, ez diote etxe kaleratzeen arazoari irtenbiderik ematen, eta BBKren pribatizazioa bultzatzen dute.
Horren adibide argia da Kutxabankek etxe kaleratzeak egiten jarraitzen duela. Fernandez jaunak kontrakoa iragarri bazuen ere, Kutxabankek etxe kaleratzeen prozesuak etengo zituela dekretu edo legedia berria indarrean egon arte, ez du agindutakoa inoiz bete. Legedia berria indarrean egon ez zenean eta ez orain, herritar gutxi batzuei mesede egiten ez dion dekretua indarrean dagoenetik. Kutxabank da etxe kaleratze gehien gauzatzen dituen finantza erakundea, eta norbaitek galga jarri ezean, bide beretik jarraituko du. EAJk eta PPk bazekiten EH Bildu izango zela etxe kaleratzeak geratzeko motorea, eta horregatik baztertuak izan gara.
Ikuspegi hori kontuan izanda aritu ziren Kutxabankeko Administrazio Kontseiluaren osaketa eta Kutxen Legea bera adosteko. Kutxen Lege horrek boterea kentzen die udalei, eta Kutxabanki aniztasuna eta hurbiltasuna kentzen die.
Aurretik, Bizkaiko bigarren indar politikoak Batzar Nagusietako Mahaian ordezkaritzarik ez izatea galarazi zuten eta, orain, EAJ-PP bikoak direnak eta ez direnak egin ditu EH Bilduk BBKren Administrazio Kontseiluan ordezkaritza ez izatea lortzeko. Tristea da kezkagarria da PSEk eta CCOOk fronte horrekin bat egin izana.
Hausnarketa sakonerako deia ere luzatu nahi diegu alderdi eta sindikatu horiei. Errepara diezaietela aurreko astean harturiko posizioak eragingo dituen ondorio sozial eta ekonomiko larriei. Izan ere, ez dago zalantzarik, Euskal Herria Bildu Kutxabankeko Kontseilutik kanpo uzteak ondorio zehatzak izango dituela, etxegabetzeen aurrean planteatzen den irtenbidearen arloan, aurrezki kutxen erabateko pribatizazioan eta gizarte lanaren galeran. Horregatik eta horretarako utzi baikaituzte dagozkigun karguak gabe; horren garrantzitsuak diren arloetan erabakiak oztoporik gabe hartu ahal izateko, Euskal Herria Bildu baztertuta ez baitago PNV-PPren asmo eta interesei aurre egingo dionik.
EH Bilduk bestelako eredua proposatzen du, bizkaitarrak aintzat hartuko dituena, egiazko fiskalitate progresiboan oinarrituko dena, enplegua sortzeko inbertsioak egingo dituena, gure eskualdetako sare sozioekonomikoa indartzea helburu duena eta alboratuta utzitako lehen sektorea berreskuratzeko eta sektore publikoa indartzeko helburua daukana; izan ere, beharrezkoa da justizia sozialean oinarritutako neurriak indarrean jartzea, eta horretarako, ezinbestekoa da izaera publikoa eta helburu soziala duen aurrezki kutxa bat edukitzea.
BBK-k ez-ohiko batzarra egitea proposatu dugu (Kutxan eta Vitalen ere bai), honako proposatzen zehatz hauek aztertzeko eta Kutxabanken Administrazio Kontseilua anitza eta demokratikoa izateko helburuarekin, etxe kaleratzeak geldiarazteko eta pribatizazioaren aurkako gure jarrera irmoa argi uzteko.
1. Kutxen pribatizazioa
Aurrezki Kutxak, besteak beste, Kutxa, Vital eta BBK, pribatizatzeko asmoak gauzatu nahian, Kutxabankeko akzio batzuk saltzeko aukeraren aurrean, Batzar hau honako adostasun honetara iristea proposatzen dugu: Kutxako ordezkariek Kutxabankeko akzioak saltzearen aurka daude eta beraien eskuan dagoen guztia egingo dute ekintza hori eragozteko.
2.-Etxegabetzeak
Egun pairatzen dugun krisiaren ondorioz, familia eta norbanakoei etxe-kaleratze neurriak aplikatzeak eragin duen ezbehar larriaren aurrean, BBKko Batzarrari honako akordio hau adostea proposatzen diogu: Erakunde honen izenean Kutxabanken parte hartuko duten ordezkariek, Bankuko Administrazio Kontseiluko hurrengo bileran honako proposamen hau bozka dezatela eskatzea: Kutxabanken etxe-kaleratze guztiak bertan behera utziko dira eta, gutxienez 2008tik, Kutxabankek etxegabetu dituen pertsonei, etxebizitza bat alokairu sozialean bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditu, Etxebiderekin elkarlanean.
3.-Kutxaren ordezkariak Kutxabankeko Administrazio Kontseiluan
Honako adostasun honetara iristea proposatzen dugu: Kutxabankeko Administrazio Kontseiluan kutxen izenean parte hartuko duten ordezkariak, ordezkaritza hori betetzeko Batzarrean aurkezten diren hautagaitzak bozkatuz eta emaitzen proportzionaltasuna errespetatuz izendatuko dira.
Horiek dira hurrengo batzarraren gai-ordenean sartzeko Fernandez jaunari bideratzen dizkiogun gaiak.