Denbora dago jokoan/ Esazu. Esazu/ Unibertsoa istorioz osatuta dago, ez atomoz”. Muriel Rubeyser olerkari feministak idatzi zuen olerki hau, geroago Eduardo Galeanok berera ekarri zuena. “Txoritxo batek esan dit pertsonak ez gaudela atomoz eginak, istorioz baizik”. Eta biek ere arrazoi. Izan ere, pertsona bakoitza unibertso bat gara, eta unibertsoa bezala, diote, etengabe zabaltzen ari gara; hasierako Leherketa Handiaren ostean. Badira diotenak, unibertso bat baino unibertso desberdinak daudela, Multibertsoa. Eta badira diotenak ere zabaltze hori halako batean gelditu eginen dela eta unibertsoa inplosionatzen hasiko dela, hasierako egoerara itzuli arte; eta ondoren berriro lehertu, sortze eta agortze mugimendu eternalarekin.
Eta ez ote gara hori pertsonak ere? Istorioz osatzen joaten gara, handitzen, zabaltzen; une batean, berriz, gure baitan biltzen gara, istorioetan pilatzen gara. Halako batean, ordea, istorioak berriro askatzen hasten dira, beste
batzuen ahotan. Orduan, oroimena bihurtzen gara. Eta kontatzen gaituenaren unibertsoa gara eta hor diraugu. Besteen hitzetan gara.
Kontatzen dugunean gure eta norbaiten unibertsoa zabaltzen dugu. Kontakizunek egiten gaituzte pertsona, izana ematen digute, alde batetik bestera mugitzen gaituzte eta besteekin lotzen. Mikel Martin laguna joan zaigu, baina bere oroimenak gure istorioetan bizirik iraungo du kontatzen jarraitzen dugun artean. Isilik egotea ez da aukera bat, Mikelek esango zukeen bezala. Eta unibertsoa bihurtuko da gure unibertsoan.
GARAn publikatua