Alternatibako bozeramaile Diana Urreak herritar guztiei dei egin die bihar, abenduak 18, ospatuko den Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguneko printzipioekin bat egin eta “etorkizun hobeagoa topatzeko itxaropenaz haien herrialdea uztera behartuta dauden pertsona guztien” eskubide berdintasunak exijitu ditzatela.
Espainiako Erresumari neurri eta murrizketa onartezinak egitea leporatu dio Urreak, orain arte egindako erreformak eta legeak, etorkinak “pobreziara eta bazterketa sozialera eramateko balio izan dutelako bakarrik”. Parlamentariak, egin berri den osasun erreforma gogoratu nahi izan du, egoera administratibo irregularrean dauden ehunka etorkin osasun txartelik gabe utzi duena, alegia: “Oinarrizko giza eskubideak urratu eta ehunka profesional bidegurutze moral batera eraman dituen erreforma izan da, legeari uko eginez gehiengoak gaixoez arduratzea erabaki badu ere”.
Tamalez, eskubide murrizketak ez dira bakarrik osasungintzara eta Madrilgo Gobernura mugatu. Ezkertiar alderdiko bozeramaileak gogoratu duen bezala, murrizketa hauek HELDU zerbitzuari ere eragin izan diote, pasa den legealdira arte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etorkinei aholkularitza juridikoa eskaintzeaz arduratzen zen zerbitzuari, hain zuzen. Honen desagerpenak pertsona asko “bidegabezko eta legez kanpoko egoeren aurrean babes eta aterperik gabe uztea ekarri du”. Urreak ez ditu nagusien zaintzaileak eta etxeko langileak ahaztu nahi izan, gehienak emakume etorkinak izanik, baldintza ezegonkorrenak pairatzen dituztenak ere badirelako. Gainera, lan mota hau gutxiesten den heinean, gizartean guztiz beharrezkoa ere badela gogoratu du. Horrela azpimarratu du emakume hauen lanaren garrantzia eta “gure nagusien eta menpekoen ezinbesteko ardatz” gisa jo ditu.
Azkenik, etorkin kopuru handi batek sufritzen duen bazterketa soziala salatu nahi izan du Urreak eta “haien burua defendatzeko ezer gutxi egin dezakeen” kolektibo honen aurka egin diren ekintzak onartezinak direla ere azpimarratu du. Honen adibiderik argiena, pasa den azaroan Bilboko Udalak Zorrotzaurreko auzoan burututako sarekada arbitrarioa dugu, non Udaltzainak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak parte hartu zuten 40 pertsona identifikatu eta 24 atxilotuekin bukatu zena.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, horren harira, Zorrotzaurreko bizilagunen talde batek izan duen ekimena txalotu du, pabilioietan bizi diren gazteekin hitz egiteko modua eta elkar-ulermenerako bideak jorratu dituztelako, elkarrizketaren bidezko konponbideak bilatu baitira bertan, indar polizialik gabekoa: “Zenbait hedabidek eta alderdik zabaldutako informazio kutsatuaren aurrean, itxaropentsua da jakitea soluzio justuak eta errealak bilatzeko prest dauden pertsonak badira, elkarbizitzarako lan egiteko prest daudenak inor baztertzeko helbururik gabe”.