Lehenik eta behin, atzokoan Bilboko kaleak lepo bete zituzten hamarna milaka lagunak zoriondu nahi ditugu. Zalantzarik gabe, atzokoa giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko herri mobilizazio erraldoia burutu zen.
Baina guztiaren gainetik, aldarrikapen eta mandatu argi bat utzi digu atzoko mobilizazioak: euskal gizarteak dispertsioarekin amaitzeko eskatzen du, salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko, euskal presoei dagozkien eskubideak errespetatzeko.
Euskal jendarteak argi adierazi zuen atzo: Amaitu da blokeo eta aitzakien garaia. Aski da; espetxe politikak eta eskubide urraketak konponbidearen aurkako tresna izateari utzi behar diote.
Eta atzokoan ere argi eta ozen adierazi zen: euskal jendartearen borondatea ezin du mespretxatua izan. Izan ere, jakin badakigu Bilboko kaleetan entzun zen aldarrikapenak Herrira mugimenduaren deia babestu genuen indar politikoen siglen askoz ere haratago doa eta gehiengoa zabalaren babesa du.
PP eta Espainiako gobernua soluzioaren aurkako planteamenduan murgilduta dabiltza. Baina argi eta garbi dugu: ezin dugu PPren blokeoaren azpian kokatu. Ezbairik gabe, ezarri nahi diguten ukazioaren harresia gainditu eta konponbidearen eta bakearen bidea urratu behar dugu.
Ziur gaude helburu horren garapenean euskal jendartea eta nazioarteko komunitatea erabakitzaileak izango direla eta horretarako borondatea eta kemenaz gain, tresna eta bide-orria ere badugula: Aieteko Adierazpena.
Horrela bada, datozen hilabeteetan Aieteko Adierazpena bazter guztietara zabaldu behar dugu eta bere edukien garapenean indarra egin.
Gatazkaren konponbiderako eta bakearen eraikuntzarako aukera probestu beharra dago, justizian eta eskubide guztien oinarrituko bakean. Horretarako, herri honek oinarrizko kontsentsua erdietsi behar du euskal herritarren eskubideen inguruan, norbanakoak eta kolektiboak; eta euskal jendartearen borondate demokratikoa errespetatua izango denaren konpromisoa.
Eta nola ez, ibilbide horretan ezinbestekoa eta urgentziazkoa da atzoko Bilboko kaleetako herri deiadarrari eustea eta euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politikarekin behin betiko amaitzea. Horretarako erabateko konpromisoa adierazi nahi du, berriro ere, Euskal Herria Bilduk.
https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/19287_582287598455227_867300429_n.jpg
https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/385328_582287671788553_344639840_n.jpg
https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/530800_582287688455218_1039671418_n.jpg
https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/196702_582287685121885_1884272127_n.jpg
https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-snc6/230686_582287728455214_1578899230_n.jpg
https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/398077_582287381788582_390746065_n.jpg