Europar eraiketak gero eta nabariagoa den zilegitasun eza du. 80ko hamarkadaren erdialdera arte, ongizate estatuak giza isladun kapitalismoa garatu zuen, enplegu osoko egoera batean, nahiz era berean emakumeak hein batean lan merkatutik kanpo uzten zituen, eta honi esker integrazio europarrak irudi on samarra zuen. Neoliberalismorako aldaketarekin eta Brusela gerora estatu soziala deusezteko erabili dituen eskumenak hartzen hasi zenetik, Europar Batasunarekiko arbuioak gora egin du herritarren artean. Honi aurre egin nahian, imaginario elkarbanatu baten gabeziari erantzuteko bestearekiko beldurra aurkeztu digute, barruko zein kanpokoekiko, eta herritarrei europar eraketa barne eta kanpo segurtasunaren berme onenatzat aurkeztu zaie, zilegitasuna lortu nahian.
EBren globalizazioko polizia onaren irudi hori zatikatu egiten da EBren ekonomi interesak ezartzeko, inguruko natur baliabideak eskuratzeko eta moneta eta finantza konfiantza mantentzeko indar politiko-militar handiagoa bilatzen doan heinean. Lerrokatze militarista honi europar biztanleriak uko egiten dionez, “botere malgu” baten ideia sinestarazi nahi digute, arrazoi humanitarioetan oinarritzen omen dena, onargarriagoa gerta dakigun.
Bestetik, europar erakundeen demokrazia eskasia gora ari da: batasuneko agintariek aurrerapauso demokratikotzat bazuten Europar Konstituzioa erreferendum bitartez onartu eta Konbentzio –ustez parte hartzailea- formatu bidez egina izana, bere porrota ikusita ez dute zalantzarik izan atzera egin eta gobernuen arteko konferentzia ilunetara itzultzeko Lisboako Ituna osatzean. Irlandar ezetzaren ostean, berri bat diseinatu zen, baiezkoak irabazi arte.
Testuinguru honetan, ez da harritzekoa europar herritarrek euren burua eraiketa prozesu honetatik gero eta urrunago ikustea eta azken finean prozesu hau zein nortasunen helburutan ari den garatzen galdetzea euren buruei.