PPk eta EAJk akordioa lortu dute Gasteizko Udaleko aurrekontuen inguruan eta bi alderdi horiek akordioa Araba eta Bizkaiara hedatzea adosten ari dira. Hau da, Bizkaiko aurrekontuen eztabaidaren bezperan, PPrekin kromo trukaketa egingo dute jeltzaleek, eta azken orduan eta berandu bada ere, Bizkaian aurrekontuak aurrera ateratzea lortuko du EAJk Raxoiren alderdiaren laguntzarekin. Ez edozein preziotara, murrizketa antisozialetan Europako errege den alderdiarekin adostuko baitituzte aurrekontuak.
Kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren, alternatiba egon badago. Eta alternatiba hori eraikitzeko gure borondatea erakusten dugu; pertsonen, herri mugimenduen eta sindikatuen alde lan egiten duten eragileen ekarpenetan oinarritutako alternatiba, hain zuzen.
EH Bilduren ustean, aspalditik sumatzen genuena baieztatu egin da: Beste arlo batean burutzen ari zela negoziazioa saldu nahi izan digute, baina bai Ortuzarrek eta bai Basagoitik erreparorik gabe onartu dute kromo aldaketa zela negoziatzen ari zirena, interes partidisten mesedeetara eta ez bizkaitarron beharrei erantzuteko.
Gasteizko Udaleko akordioa lortu aurretik, atzo bertan, kromo aldaketa ukatu zuen Ortuzarrek, negoziaketarako denbora luzea hartzen ari zirela argudiatuz.
EAJren eta PPren arteko negoziazioen ikuskizun mediatiko tamalgarria salatu genuen, eta orain herritarren egiazko eguneroko arazoei erreparatzen ez dien adostutako ituna agerian gelditu da.
Murrizketen eta politika sozialen deuseztapenaren aurrekontuak dira EAJk eta PPk eskaintzen dizkigutenak. Lortu duten akordioa ez da zerotik sortzen, azken baten, EAJk proposatu duen aurrekontua eskuinekoa da eta, beraz, eskuineko beste alderdi batek arazorik gabe defenda dezake. Horren eredu da, Bizkaiko Foru Aldundian gizarte gaietara bideratzen den dirua aurrekontuaren %38a izatea, Gipuzkoan %48a den bitartean. Gizarte eredu bera partekatzen dute EAJk eta PPk, eta hori agerian geratu da aurrekontuen edukien negoziazioan aritu beharrean, kromo trukaketa nola egin izan delako negoziazioen ardatza. Bizkaitarren beharrak asetzen ez dituen eta oinarrizko giza eskubideekiko onartezinak diren murrizketak planteatzen dituzten aurrekontuak dira.
Porlanaren eta azpiegituren aurrekontuak dira EAJk eta PPk proposatuko dizkigutenak. Berdin zaio Jose Luis Bilbaori alderdikide duen Urkullu lehendakariak berak aitortutakoa, herritarrei begirako politikaren garaia dela esatean. Berdin zaie bai batari eta bai besteari, ez dutelako benetan mezu horretan sinesten eta ez dutelako inoiz praktikan jarri. Pertsonen aldeko politikak egiteko garaia da bai, ez da momentua porlana eta azpiegituren aldeko egitasmoak mantentzeko edo helburu sozialik gabeko proiektu berriak martxan jartzeko.
Bizkaiak azken urtean jasan dituen erregulazio espedienteen kopuruaren hazkundeak, kontrolatzen duten Kutxabankek ekiditen ez dituen etxegabetzeenak, bazterketa sozialaren igoerak… EAJk gauzatu dituen politiken datu adierazgarriak ematen dizkigute. Beste politika bat egitea ezinbestekoa da eta EAJk eta PPk proposatzen dizkiguten aurrekontuek amildegira garamatzate.
Baina egunotan egiaztatu duguna ondokoa da: botere kuotak dira banatzen ari direna eta EAJ, bere burua kudeaketaren eta akordioaren txapeldun nagusitzat agertzen duen alderdiak, ez dauka akordioetara iristeko eta kudeaketarako gaitasunik, baldin eta botere kuota nahikorik ez badauka banatzeko.
Eta behin akordioren bat lortuz gero, murrizketen bidez herritarren eskubideak zapaltzen ari denarekin egingo du, ustelkeria ikuskizun tamalgarria ematen ari den alderdiarekin, bizkaitarron eskubide sozial eta laboralak oraindik eta gehiago ondoratuz eta prekarizazio mailan oraindik eta gehiago sakonduz. Madriletik inposatzen dizkiguten murrizketei aurre egiteko inposaketaren ardura duen alderdiarekin adostu egiten du Bizkaiko aurrekontua Jose Luis Bilbaok, hori da bere bidea, eta EH Bilduren ustez bide okerra da.
Dei zuzena egin nahi dio EH Bilduk EAJri, joka dezala benetako erantzukizunez, eguneroko arazo larriak aintzat izanda eta horiei soluzioak bilatuta, eta ez bestelako interesei begiratuta. Premisa horiekin jokatuz gero, eta gizarte ekintzan murriztu beharrean indartu egiten dituen aurrekontuak eta enplegua sortzeko helburua dutena aurrera ateratzeko prestutasuna izanez gero, EH Bildu elkarlanerako prest egongo da.