Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Legeaen aurkako helegitea aurkeztea erabaki ostean, agerraldia egin dute, gaur goizean, Donostian, Oskar Matute diputatuak eta Oihana Etxebarrieta hauteskunde kanpainako EH Bilduren bozeramaileak.
Oskar Matute:
Euskal gizarteak ezaguna du EH Bilduk azken urteetan Madrilen egindako lana, Euskal Herriko herritarrei eskubideak zabaltzeko eta ziurtasunak emateko. Ildo horretan kokatzen da Etxebizitzaren Legearen proposamena, negoziazioa eta onarpena. Ahalegin handia egin behar izan genuen, eskubideak lortu nahi diren guztietan bezala, beren interesak lehenesten dituztenei aurre egin behar izan genielako. Kasu honetan, eta etxebizitza Euskal Herrian lehen mailako arazoa dela jakinda, EH Bildu ziur dago beharrezkoa dela etxebizitza eskubide gisa ulertzea eta arautzea.
EH Bildun argi dugu, etxebizitza eskubidea da eta kontrakoa aitzakiak dira. Aitzakia hutsak dira, jendeak etxebizitza eskuratzea zailtzen dutenak. Ez da onargarria Europako emantzipazio-tasarik txikienetakoa izatea. Ez da onargarria emantzipatu nahi duten gazteek alboko herrietara migratu behar izatea, ezin dutelako jaio diren tokian etxebizitza bat alokatu edo erosi.
Oso larria da EAJk ideologiagatik Gobernu baten izenean jardutea erabakitzea. Ezin da tenkatutako eremuak izendatzearen aurka jardun hala egin duten dozenaka udalei, Etxebizitza eta alokairuen prezioekin hemen dugun arazoa, geroz eta handiagoa, ez da onargarria. Ezin dugu normalizatu, eta Eusko Jaurlaritzarena bezalako ekintzek, hain zuzen ere, mezu hori igortzen dute.
Oihana Etxebarrieta:
Atzo jakin genuen Eusko Jaurlaritzako EAJk Etxebizitza Legearen aurkako helegitea aurkeztea erabaki duela Auzitegi Konstituzionalean. Erabaki hori Jaurlaritza honen deskontu minutuetan heldu da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskunde deialdiaren bezperan. Harrigarria egiten zaigu Eusko Jaurlaritzaren jarduteko modua. Hanka batek Etxebizitzaren Legearen aurka hitz egiten duen bitartean, besteak, PSEk, Madrilen onartu eta hemen indarrean jarri du. Nahasgarria da jarrera hau, argi eta garbi.
EAJk aurkeztutako helegite hori bere gobernuaren, PSEren, beste hankari egindako zuzenketa gisa ulertzen dugu. Baina baita euskal herritar gehienek adierazitakoari egindako zuzenketa gisa ere.
Etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko EH Bilduren konpromisoa aspalditik dator. Eusko Legebiltzarrean Etxebizitzaren Legea bultzatu eta onartu genuen, PSE-EErekin batera. Gero, Madrilen Etxebizitzaren Legea bultzatu eta onartu genuen. EAJk kontra bozkatu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta kontra bozkatu zuen Madrilen, Estatuko Etxebizitza Legea onartzeko. Lehen, esaten ziguten ezin zutela euskal Etxebizitzaren Legea garatu, Estatuko lege batek emango lukeen segurtasun juridikoa falta delako; orain, Estatuko legeak eskumenak urratzen dituela esaten dute. Zertan geratzen gara?
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren arazo eta kezkekin konprometituta gaude EH Bildun. Osakidetzarentzat behar diren konponbideekin konprometituta gaude, bai eta bizitza garestitzearen ondorioek euskal herritarren artean eragiten dituzten ondorio larriekin ere. Eta nola ez, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko behar diren konponbideekin.
EH Bilduren ustez, etxebizitza eskubide bat da. Horregatik egiten dugu lan behin eta berriz horrela izan dadin. Bere jarduerekin, EAJk erakusten du arazo bat duela etxebizitza politika aurrerakoiekin. Ez zaio gustatzen Etxebizitzaren Legea. Ez hemengoa, ez estatukoa. Kontra bozkatu zuten Eusko Legebiltzarrean, kontra Madrilen. Eta orain estatuko legearen aurkako errekurtsoa aurkeztu dute. EH Bildurentzat etxebizitza eskubide bat da, eta arazoaren konponbidean aurkituko gaituzte beti, Errenteria-Orereta bezalako udaletan erakutsi dugun bezala, non lehenak izan ginen etxebizitza eskubide bezala hartzen duten politika publikoak garatzen.
Beraz, datozen asteetan etxebizitzaren arazoari eta konponbideei buruz eztabaidatzeko aukera izango dugu. Datozen asteetan, herri gisa zer bide hartu behar dugun eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zer politika publiko ezarri behar diren erabakitzeko aukera izango dugu, arazo larri horri konponbidea emateko. Etxebizitzaren arazoa konpontzeko EH Bilduk duen konpromisoa irmoa eta erabatekoa da.
Deskontuan dagoen gobernu baten in extremis jarduera horrek agerian uzten du zer gobernantza mota izan duten eta zergatik gauzek ezin duten horrela jarraitu. Aldaketa bat behar da. Erabaki Aldaketa. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian ere alternatiba politikoaren buru izateko konpromisoa hartu du EH Bilduk.
Irakurri EH Bildun.