Alternatiba Gipuzkoako koordinatzaile Xabier Sotok milaka langileek egunero haien lanpostuetan pairatzen duten egoera larria salatu du, enpresetako zuzendaritzek erabiltzen duten etengabeko presioa jasanez haien lan baldintzak zein soldatak murriztea onartzeko: “Onartutako lan erreforma desberdinak babestuta, geroz eta enpresa gehiago dira isiltasuna edo negoziazio eza erabiltzen dutenak langileak babesgabetasun eta desinformazio egoeretara eramateko”. Hau dela eta, Sotok elkarrizketa bideak eraikitzera premiatu ditu enpresak, hala nola “langileen ahotsa entzun eta jaso dezaten, guztiek onartzeko moduko irtenbidera ailegatzeko, eta batez ere, kaleratzeak ekiditeko”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Ibermaticaren kasu zehatza aipatu du, Kutxaren zerbitzu informatikoaz arduratzen den enpresa, bere zuzendaritzak aurretik aipatutako taktika “sasi mafiosoak” erabili eta 238 kaleratze proposatu dituena “gero isilik egoteko, langileak informaziorik gabe utziz, kanpoko iturrietatik jasotzen duten informazioa salbu”. Sotok langileriak egindako mobilizazio eta protesta desberdinak babestu ditu eta bereziki, aipatu nahi izan du pasa den otsailaren 12an hasi zuten lau eguneko greba “enpresaren partetik jasotzen duten babesgabetasuna eta gardentasun falta salatzeko asmoarekin”.
Egoera lazgarri honen aurrean, Alternatiba Gipuzkoatik langileek pairatzen duten “benetako xantaia isila” salatu dute, “zehaztu gabeko mehatxuak mahai gainean daudelako, langileen ia %50 kaleratzea ere”. Sotok esan duenez, Kutxabanken fusioa dago gatazka honen sorburua, izan ere, Bizkaiko IDE enpresak egingo du aurrerantzean arriskuan dauden Ibermaticako beharginek egiten zuten lana. Ildo beretik, Sotok egungo sisteman gailentzen den logikoa kapitalistari leporatu dio martxoan gertatuko dena, “kapitalismoak diruarentzako mugimendu askatasuna ematen du, eta honek langileak diruaren atzetik joan eta beraien bizimoduak aldatzera behartzen ditu, hain lan baldintzak eta duintasuna kontuan hartu gabe”.
Gehiegikeria haiekin amaitzeko, Alternatibako bozeramaileak Kutxabank zein Eusko Jaurlaritzako agintariei exijitu die lan gatazka honi konponbideak bilatzeko lanean murgildu daitezela, elkarrizketa bideratuz eta alde guztien arteko akordioak lortzeko asmoz. Era berea, Alternatibak eragile sozial zein herritarrei dei egin die, “egoera zailetan dauden enpresetako langileen aldeko elkartasuna adierazi, enpresaburuen erasoak salatu eta langileen eskubideen alde antolatzen diren mobilizazioekin bat egin dezatela”.
Irudia: CGT