Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek oso baikor hartu ditu ETA erakundeak, Parisen epaitegietan gaur goizean hitz egin duen Garikoitz Aspiazuren bitartez, egin duen adierazpena, zeinetan “gatazkarekin zerikusirik ez duten pertsonei eginiko kaltea ez ezik, gatazka gainditzeko bidean protagonismoa Euskal Herriko eragile eta herritarrei dagokiela aitortu” duelako.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogorarazi duenez, 2011ko urrian eman zuen ETAk borroka armatua betirako lagatzeko asmoaren berri eta, ordudanik, “ETAk bake prozesuarekiko konpromisoa askotan berretsi izan du, Madril eta Parisko Gobernuek ez bezala, Aieteko Adierazpenetik espreski eskatu arren, eta oinarri demokratiko oinarrizkoenak ere ez dituzte bete mendekuan oinarritzen duten espetxe politikan”. Ildo honetatik, azpimarratu egin du ETAk gaurkoan adierazitako borondatea “inolako tranparik gabekoa dela eta euskal herritarren nahiari erantzuten diola”.
Azkenik, Alternatibako bozeramaileak alde guztiek aurrera egin dezatela beharrezkotzat jo du, Aieteko adierazpena bere eginda, besteak beste, “herri honetako eragile politiko eta sozial gehienek sinatu eta milaka eta milaka lagun ezezagunen bultzada” izan duena. Oztopoak oztopo, Matutek berriz ere esan du “inoiz baino aukera handiagoak direla indarkeriarik gabeko gizartea lortzeko, bakea nagusi izango duen herria eraikitzeko”.