Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek deitoratu egin du bihar Jose Maria Aznarren Gobernuaren aginduz Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik hamar urte beteko direnean Alderdi Popularretik inolako barkamen eskaerarik egin ez izana “euskararen kontra inoiz eginiko eraso larrienetako bat burutu izanagatik”, euskaraz argitaratzen zen kazeta bakarraren indarkeriaren bidezko itxiera eta bertako hainbat langileren atxilotzea ekarri zuena, horietako batzuek, gainera, torturak ere pairatu behar izan zituztela.
Eta guzti hau, gaineratu du Matutek, “garai hartako Barne Saileko ministro Angel Acebesek eginiko salaketa faltsuak babesteko inolako frogarik gabe, sarekadaren bidez euskal herritarren eskubideak, askatasunak eta kultura babesten ari zirela esatera heldu zela”. Horrexegatik uste du zilegi dela azalpenak eskatzea, are gehiago, “besteei barkamen eske ia egunero ari zaien alderdiaz ari garela, haiek eskubide zibilak, politikoak, sozialak eta gizatiarrak ere urratzen dituztenean egunetik egunera, Martxelo Otamendik eginiko tortura salaketak aztertu ez izanagatik Europak Espainiari jarritako zigorrak erakutsi zuenez”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogorarazi duenez, aurretik ere adierazpen askatasunaren eta herritarren informazio eskubidearen aurkako eraso larriak izan ziren Euskal Herrian, Egin edo Ardi Beltza argitalpenen itxierak kasu, “horiei Egunkariaren kontra eginikoa gehitu zitzaion, gizartearen haserrea eragin zuena eta, horrek, kalera atera eta langileak babestera eraman zituen, herri honetan ordura arteko manifestaziorik jendetsuenetakoak egin zirela”.
Alternatibatik nabarmendu dutenez, erantzuna kaleetatik haratago heldu zen: “Alde batetik, Egunkariako langileek periodiko bat egin eta hurrengo egunean kioskoetara eramatea lortu zuten, Egunero, baina horrez gain, bere dirua eskaini zuten milaka lagunen laguntzarekin eta hilabete gutxiren buruan, beste egunkari bat martxan jarri zuten, Berria; nekez ikus daiteke halakorik beste herri eta testuinguru batean”. Azkenik, Matutek Egunkaria Libre! plataformak bihar Andoainen, Martin Ugalde kultur Parkean, 12:00etan egingo duen elkarretaratzean parte hartzera deitu du.