Joan den astean, joan den astelehenean, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak eta Iñaki Azkuna Bilboko alkateak publikoki aurkeztu zuten hondakinen tratamendurako Instalazio Mekaniko Biologikoa.
Egun horretan EAJko ordezkarien hainbat adierazpen egin zituzten. Besteak beste, Bizkaian, beste lurralde batzuetan ez bezala, zabor sistemak ez diela bizilagunei arazorik eragiten. Edo, Bizkaiak Europako araudia betetzen duela hiru urteko aurrerapenarekin.
Bilboko alkateak eta ahaldun nagusiak garrantzizko kontu bat aipatzea ahaztu zuten, ordea. Ez zuten argitu hondakinek tratamendu mekaniko biologikoa jaso ondoren non bukatuko duten.
Hondakinen %80 birziklagarri eta hondakinen %80 erraustu
Argi utzi behar da tratamendu instalaziora iritsiko den materiala %80an birziklagarria dela. Aldiz, Planta Mekaniko Biologikoak jasoko duen materialaren %80 erraustu egingo da. Garbi dago, beraz, birziklagarria del material asko erraustuko dela.
Tratamendu Mekaniko Biologikorako Instalazioak 180.000 tona hondakin jasoko ditu urteko.
180.000 tona horietatik soilik 13.000 tona birziklatuko dira. Hau da, %7,1a. Gehiago izango da erabiltzeko aukerarik gabe geratuko diren hondakinak: %8,5. Artigas zabortegira joango dira, beraz, 15.000 tona hondakin. 58.000 tona, berriz, %32, hondakin inorganikoa izango da eta erraustu egingo da zementu fabriketan edo antzeko azpiegituretan. Gainontzeko 94.000 tonak hondakin organikoak izango dira eta 43.000 tonara murriztuko dira tratamendua jaso ondoren.
Murrizketa hori materia lurrundu egiten delako ematen da. Hondakin horiek, kopuru osoaren %52 denak, Zabalgarbin bukatuko du bertan erraustua izan dadin.
EAJren ereduak errausketa oinarri, Europako helburuen kontra garamatza
Beraz, EAJren eredu honek, errausketa oinarri duena, Zabalgarbi oinarri duena, birziklatze maila altuak bilatzen ez dituena eta hondakinen murrizketa bultzatzen ez duen sistemak, biztanleriaren osasun baldintzak larriki kaltetzen dituenak, ez garamatza inora.
Zorionez, Azkunak eta Bilbaok egin zituzten adierazpenen gisakoak aberrazio politiko gisa ulertzen dira Europako hainbat tokitan. Soilik ezjakintasunaren edo arduragabekeriaren ondorio izan daitezke. Eta agerian gelditzen dira, adibidez, Europako Ingurumen komisarioak, JANEZ POTOCKNIK-ek egin dituen adierazpenen ondoan. Komisarioak Batasuneko herrialdeei ohartarazi die birziklapenaren gizarterantz garatu behar dutela. Europatik, hain zuzen, edozein hondakin birziklagarri zabortegira edo errauskailura botatzeko debekua ezartzea ari dira aztertzen.
Beraz, EAJk Bizkaian garatu duen ereduak Europak ezartzen dituen helburuen kontra doa aurrez-aurre. Garbi esan behar dugu porrotera kondenatuta dagoen eredua dela, denboran jasangaitza baita.
Bizkaiko Foru Aldundiak bere ardura alboratu nahi du
Horregatik, EH Bildutik, bestelako eredu bat aldarrikatu nahi dugu Bizkaiarentzat. Birziklapen maila altua eta hondakinen sorrera murriztea helburu izango dituen sistema. Beharrezkoa da Bizkaiarentzako hondakin sistema jasangarria ahalbidetuko duten politikak martxan jartzea. Birziklapenaren gizartera eramango gaituen eredua behar dugu eta ez dago halakorik, justu kontrakoa baizik.
Horixe da EAJk Bizkaiko biztanleriarekiko duen betebeharra, helburu horiek beteko dituen hondakin sistema garatzea. Eta horixe da EAJk bere gain hartu nahi ez duen ardura eta adierazpen sinplistekin ezkutatzen saiatzen dena.
EH Bildutik Bizkaiko Aldundiari dei egiten diogu lehen bai lehen norabide horretan lanean hastera, beste lurralde batzuetan dagoeneko egiten ari diren moduan. Zentzu horretan, Ingurumen diputatuaren agerraldia eskatuko dugu Europak ezartzen dituen helburuak lortzeko zein pausu jarraituko dituen azaldu dezan. Udaletan, berriz, hondakinen bilketa eta kudeaketarako sistema eraginkorren aldeko apustua egiten jarraituko dugu hondakinen murrizketa, birziklatzea eta berrerabilpena helburu hartuta.