Alternatibako bozeramaile nazional Amaia Agirresarobek gogor kritikatu ditu Iñigo Urkulluren gobernuak atzo Emakunde instituturako iragarritako murrizketak, bere aurrekontua %20 baino gehiago jaitsi baitute, “agerian utzita emakumeek gizonezkoekiko pairatzen dituzten desberdintasunak gainditzeko politikak ez direla, inondik inora, lehentasuna PNVren gobernuarentzat”.
Alderdi ezkertiarretik azpimarratu nahi izan dutenez, Emakunderen aurrekonturako aitortu duten milioi bat eurotik gorako murrizketa iragarritakoa baino handiagoa izango da benetan, izan ere, erakunde publiko honetako zuzendari berri Izaskun Landaidak berak atzo esan zuenez, aurreko legegintzaldian Herrizaingo Sailaren menpeko Genero Indarkeriaren Biktimen Zuzendaritzari eman zizkioten eskumenak, Alternatibak bere garaian salatu egin zuen afera, Emakunderen esku geldituko dira berriz “beraz, argi dago bere ahalmena murriztu egingo dela, askoz gehiago egiteko baliabide gutxiago izango dituelako”.
Azkenik, Agirresarobek deitoratu egin du Urkulluren Gobernuaren aitzakiak berriz ere entzun behar izatea, “murrizketa sozialen aurkako balizko marra gorriak jartzetik diru gutxiagorekin gauza berdinak egin daitezkeela dion lema astintzera pasa da, oraingo honetan ere faltsua bezain ezinezkoa dela argi eta garbi izan arren”. Horrexegatik, Alternatibatik exekutiboari exijitu diote “emakumeen eskubideen defentsa bere ekintza politikoan txerta dezala, eta ez inora ez doan diskurtso hutsalean, Emakunde bezalako erakunde batean murrizketa bortitzak egitearekin demostratu dutenez”.