KORRIKAren beste ekitaldi baten bezperan gaude honetan, EH Bilduk babes osoa agertu nahi dio agerraldi honen bidez euskararen normalizaziorako hainbesteko garrantzia daukan ekimen horri.
KORRIKA ekimenak duen arrakasta goraipatu nahi dugu, lehenik eta behin. Guztiz errotuta dagoen euskararen aldeko ekintza da. Zenbat lan, zenbat ahalegin euskararen aldeko mezua euskal herritar guztiengana helarazteko. Lan honi esker, eta, oro har, euskalgintzak, egindako lanari esker dago gaur egun euskara dagoen tokian. Era berean, euskaltegietan izena emanez euskara ikasten ahalegin handia egin behar izan duten milaka eta milaka pertsona ere zoriondu behar ditugu, euskara elkarri emanez Euskal Herri euskaldunaren bidean urratsak egiteko konpromisoa erakutsi dutelako.
Baina bide horretan, urrats berriak eginez jarraitu beharra dago. Izan ere, orain arteko hizkuntza politikek ez dute balio izan euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna lortzeko. Kasurik onenean ere intentsitate gutxiko politikak dira. Euskararen garapenak behar dituen minimoen azpitikoa. Eta, oro har, euskararen egoera minorizatuak ito egiten ditu ahalegin normalizagarri horiek, oztopoak bultzadak baino handiagoak direlako. Izan ere euskararen normalizazioaz ari garenean honako hau ulertzen dugu: Euskal Herriko herritar guztiontzat, eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izatea.
Helduen euskalduntze alfabetatze mugimendua lan handia egiten ari da eta ezinbestekoa izan da euskara unibertsalizatzeko. Ildo horretan, euskara ikastea doakoa izatea ezinbesteko iruditzen zaigu, eta administrazio publikoak, Eusko Jaurlaritzak doakotasun hori egiazko bihurtzeko neurriak hartzea eskatzen dugu. Halaber, sektorearen finantziazio iraunkorra bermatu behar da eta sektoreko agente guztien arteko osagarritasuna sendotu.
Itxura batean, hizkuntza politika eta euskararen normalizazioa, egungo Jaurlaritzaren lehentasunen artean ez daude, krisia aitzakia hartuta, jadanik murrizketa handiak iragarri baitituzte.
Horren adibide garbienetako bat haur eskolen inguruan gobernu honek, PPren eta UPyDren alderdien eskutik, euskararen presentzia gutxiagotzearen alde sinatutako ituna da. Kontutan izanda gainera, euskararen sustapenerako bideratu den diru kopurua oso murritza izan dela berez ere, azken urteetan. Politika horrek, ondorio larriak ekarriko dizkio euskararen normalizazio prozesuari, eta euskalgintza beraren jasangarritasuna kolokan jartzen du. Euskararen aurkako beste eraso larri eta onartezina da, zalantzarik gabe.
Euskarak bizi duen egoerak, irabazpidean jarriko duen neurri eraginkorrak behar ditu: ez du murrizketarik behar. Jaurlaritzaren politika axolagabeak, euskararen egoera eta geroa arriskuan jartzen du, eta hori onartezina da. Beste behin, Euskararen aurkako eraso honen aurrean, eragile politiko eta sozial guztion egitekoa eraso honi erantzutea da
EH Bilduk kezka handiz entzun ditu Ogasun sailburuaren hitzak, eta gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartua dugu. Parte hartzen ditugun instituzioetan ez dugu onartuko euskararen sustapenera bideratzen den aurrekontuan murrizketarik egotea eta horrela izan ez dadin lana egingo dugu, bai erakundeetan eta baita kalean ere, euskararen garapen osoa azkartu eta lortzeko hizkuntza politika berria, eraginkorra eta burujabea aldarrikatuz eta gauzatuz.
Orain inoiz baino gehiago Euskaraz oso-osorik bizitzea ahalbidetuko duten baldintza politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak lortu behar ditugu, bai hizkuntza politika berria eginez, baita kalean euskara elkarri emanez. Horregatik azpimarratu nahi dugu inoiz baino ozenkiago zein garrantzitsua den kalera irten eta Korrika egitea euskararen lekukoaren atzetik. Euskarari bere lekua eman, eta ofizialtasun nahikoa eta egokia izan dezan Euskal Herri osoan.
Lan asko daukagu egiteko Euskal Herria euskalduntze bidean. Euskarak bultzada eta adostasun zabala eta berria behar ditu. Hizkuntza politika Berria behar du. Atzera bueltarik izango ez duen bidea marraztu behar dugu auzolanean. KORRIKAk, bide horretan, aukera aparta ematen digu herrietan euskararen aldeko oinarriak adostu eta gehiengo zabalak biltzeko. Herritar guztiok dugu geure tokia eta egitekoa, guztion zeregina baita euskararen berreskurapena eta normalizazioa.