Alternatibako bozeramaile eta Euskal Herria Bilduko legebiltzarkide Diana Urreak Eusko Legebiltzarrean esandakoa Gorka Maneirok (UPyD) eginiko eskaeri erantzuten, honek EAEko enbaxadak ixteko eskatzeko mozioa egin baitu.
Gaur, UPyD-k aurrezki planaz mozorrotutako mozioa aurkezten digu, baina errealitatean espainiar ultranazionalismoaren erakusgarria baino ez da, estatu eredu frankistarako atzerakada demokratikoaren erakusgarria.
Maneiro jaunak bere interpelazioan enbaxadak mantentzeko gastatu diren urteroko bost milioiaz aritu da; esate baterako, Abiadura Handiko Trenaren euskal adarraren eraikuntzak baino mila bider gutxiago dena. Hala ere, UPyD-k ez du gastuaren gakora zuzentzen den beste aurrezte neurririk aurkezten, azaleko neurriak besterik ez ditu proposatzen haien ametsetako Espainia Handi eta Libre honetan euskal identitatea desegitera bideratuta daudenak.
Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzaren izatea aintzat hartzen duzun heinean, bere interesak EAEtik kanpo defendatzeko zilegitasuna aintzat hartu beharko zenuke ere, Auzitegi Konstituzionalak egiten duen bezalaxe. Eta zu, Maneiro jauna, eredu honekin bat ez bazatoz eta euskal lurraldeentzat eredu aurre konstituzionala zein aurre estatuarioa nahiago badituzu, behintzat, utzi iezaiozu itzulinguruka hitz egiteari eta argi esan. Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren desegitea eskatu eta zure parlamentari akta entregatu. Hau litzateke sare autonomiko maltzurraren kontra koherentziaz jokatzeko biderik egokiena, zuen esanetan, espainiarren baliabide guztiak xahutzen dituena.
Edozein kasutan, zuen intentzioa ordezkaritza antzuetan aurreztea bada, EAEn eta Nafarroan dauden Espainiako Gobernu Ordezkaritzen desagerpena eskatu. Eta eskatu Carlos Urquijo jaunari erretiratzea eta etxera joateko. Euskal instituzioek libreki eta demokratikoki hartzen dituzten erabakien zentsuratzaile izateari utzi diezaiola.
Eta atzerriko ordezkaritzetan diru gehiago behar baduzue, Espainiako armadak eta Estatuko Segurtasun Indarrek Euskal Herrian gehiegizko ordezkaritza dutela uste dugu. Euskal Herrian soberan ditugu Espainiako ejertzitoaren kuartel militarrak, estatuaren aurrekontuaren 6 milioi euro xurgatzen dituztenak. EAEn Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren 4.000 kideak soberan ditugu, eta hauek suposatzen duten gastu mardula ere bai.
Gure taldeak, EH Bildu, Eusko Jaurlaritzak atzerrian dituen ordezkaritzak mantentzea nahi du, eta hauek zabaldu ditzatela euskal herritarron interesen eta beharren arabera. Ordezkaritza hauek bizirautea nahi dugu Euskal Herriak bere enbaxada eta kontsulatu propioa izan arte; Madrilen zein Parisen euskal enbaxadorea izan arte, gure ondoko bi herrialdeekin adiskidetasun eta kooperazio loturak sendotuz.
Euskal Herriaren izena atzerriari begira solidaritate internazionalistaren sinonimo bihurtzea nahi dugu, beste herrialdeentzako eredu demokratikoa bihurtuz eta herri borroken erreferentea bilakatuz gizarte libreago eta duinago baten bilaketan. Dudarik gabe, Euskal Herria izena Espainia Markaren kontrakoa izatea nahi dugu, krisiaren eta kapitalaren munstroaz, Banco Santander, Inditex, Telefonica edo Gas Natural Fenosa, babestuta dagoena. Eta aldi berean, Francoren nahierara hautatutako monarkiaz ere babestuta dagoena.
Sentitzen dugu, Maneiro jauna, baina hori ez da gure irudia, hori ez da gure herriaren irudia.