Alternatibako Bizkaiko bozeramaile Asier Vegak salatu du aste honetan Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako kanpaina publizitarioa iruzur fiskalari aurre egiteko, bere “eraginkortasuna eztabaidagarria” izan daitekeen arren. Kanpaina honen iragarkietan sexu eta adin desberdineko pertsonak pankarta baten atzean manifestatzen agertzen dira “Guri iruzurrik ez” lemapean. Pankartan STOP seinale bereizgarria -iruzurraren kontrakoa kasu honetan- ere ikusten da, “kaleetan geroz eta maizago egiten diren kaleratzeen, iruzur politikoaren, langileriaren eskubideen eta lanpostuen suntsiketa dakartzaten lan erreformen aplikazioen kontrako protesten leloen eta sinboloen jabe egiteko ahalegin batean”.
Vegaren hitzetan: “deitoragarria da instituzio publiko batek Bizkaiko herri klaseei bizkarra ematea dirudunen faborean gobernatzeko, herriaren suminduraren sinbologia usurpatzen den bitartean, barregarri uzteraino. Iraingarria da benetan Bilbao-Iruarrizaga bikoteak ezartzen dutenen tankerako politiken kontra kalean egunero erabiltzen diren lelo eta pankartak imitatzea”. Modu berean, iruzur fiskalaren kontrako publizitatea gaitzetsi du, Foru Ogasunak iaz antzemandako zenbatekoa %19an jaitsi zen bitartean.
Hau guztiarekin batera, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak ondorengoa azpimarratu du: “PNVren eskuetan dagoen Aldundiaren politika fiskala oraindik ere larriagoa da iruzur legalizatua ahalbidetzen duelako, eta horren ondorioz, zerbitzu sozialak bermatuko dituen eta gizartea transformatzeko balioko duen bilketa eragozten duelako”. Gauzak horrela, eta publizitate honen “faltsutasunaren” adibide bat jarri nahian, iragarkian agertzen den aniztasun funtzionaleko kolektiboaren erabilera salatu du, gurpil aulkian dagoen mutiko baten bidez irudikatuta dagoena. Faltsukeriaz josita dago, Bizkaian laguntza pertsonalerako laguntza ekonomikoak “oso urriak direlako, bost onuradun inguru bakarrik daudela, Gipuzkoan 1.100 baino gehiago diren bitartean”.
Zoritxarrez, jarraitu du esaten, adibide gehiago dago: “Iragarkiak gizon baino emakume gehiago hautatu ditu pankartaren atzean jartzeko, baina BFAaren aurrekontua sakonki aztertzen badugu, berdintasun sailaren aurrekontua gastu totalaren %0,09an dela ikus dezakegu”. Adineko pertsonak ere agertzen dira, “gizarte osasun zentroetan murrizketak sufritzen ari dituztenak”.
Egoera hau dela eta, Alternatibatik Aldundiari eta Foru Ogasunari erantzukizuna exijitu diote, eta aldi berean, “gizartearen gehiengo bat iraintzen duen kanpaina hau erretiratzeko” eskatu dute; “kolektibo hauek dira Bilbao jaunak politika sozialetan aplikatutako murrizketak gehien sufritzen dituztenak, eta hauekiko elkartasunean kalera ateratzen direnen kontra ere egiten duelako”.