Ana Etxarte eta Aitziber Ibaibarriaga zinegotziek, Bildu Udal taldeak Ostalaritza Ordenantza moldatzeko egindako ekarpenak aurkeztu dituzte gaur goizean. Bilduk, aurretiaz ostalaritzaren egoeraren inguruko diagnostiko bat egin ez izana deitoratu du, era honetan, ostalaritza, espazio publikoa eta terrazak, ingurugiroa edota zaraten arloak bere baitan kontutan hartu ahal dituen proposamen globala egin ahal izateko, soilik honela tartekatu baitaitezke ostalaritzaren interesak eta auzokideen deskantsurako eskubidea. Etxartek adierazi du hurrengo Udalbatzan Aisialdiaren Zarata Mapa egiteko proposamena aurkeztuko dutela, modu honetan, aipatutako jarduerak eragindako zarata maila neurtu ahal izateko.
Etxartek eta Ibaibarriagak, Udal gobernu batzordeak egindako Ostalaritzaren gaineko Ordenantzaren aldaketa “zuloa estaltzeko” egin dutela adierazi dute. Ibaibarriagak salatu du, Udalak, Ordenantza aurretiazko diagnostiko bat egin gabe abiatu duela etaauzo elkarteen parte hartzea kontutan hartu gabe “Udalak proposatutakoarekin bat egiten ez duena”.
Bilduko zinegotziek ezinbesteko jotzen dute hiriarentzat horren garrantzitsua den ostalaritza bezalako sektore ekonomikoaren, bizilagunen deskantsurako eskubidearen, ingurugiroaren zaintzaren eta espazio publikoaren arteko oreka bilatzea.
“Oreka hau bermatu ahal izateko ezinbestekoa da egoeraren diagnosi bat edukitzea, azken urteotan aisialdi ereduan ematen ari diren aldaketak kontutan hartuko dituena: Tabako lege berriak sortu dituen jende multzoen kontzentrazioak, kalean kokaturiko terrazen gorakada, eguneko tabernen ugaritzea zonalde batzuetan, eta abar luze bat”, azpimarratu du Ibaibarriagak.
Bilduk uste du Gobernu batzordeak egindako Ordenantza proposamenak “ez duela arazoaren muina konponduko”. Ibaibarriagak Udalari osoko ekinbidea martxan jartzea eskatu dio. “Deskantsurako eskubidea bermatzeaz gain, kalitatezko ostalaritza bultzatu beharra dago, eguneroko errealitatean oinarrituta egongo dena, eta ez soilik turismoaren baitan ezartzen diren espektatibetan. Ostalaritzaren sostengu nagusia eguneroko bezeroak dira eta horiei begirako neurriak planteatuko beharko lirateke”.
Antzemandako gabeziak gainditzeari begira, Udal talde soberanistak lau zuzenketa aurkeztu ditu eta, honekin batera, mozio-proposamen bat eramango du apirileko Udalbatzarrerako. “Bertan Aisialdiaren Zarata Mapa osatzea proposatuko dugu, modu honetan jakin dezagun behingoz zein den mota honetako jarduerek sortzen duten kaltea”, azaldu du Ibaibarriagak. Mapa hau osatu eta gero Ekintza Plan bat osatzea litzateke hurrengo pausua, Babes Bereziko guneak ezarriz, maparen bitartez bizilagunen osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen zarata mailak gainditzen diren eremuetan.
Aurkeztu ditugun zuzenketak
- Bertan behera geratzea II taldeari dagokionean lizentzia berrien tramitazio guztiak, Aisialdiaren Zarata Mapa osatu bitartean, Babes Akustikoko Eremu Berezietan. Babes Akustikoko Eremu Berezi hauek behin behineko izaera izango dute, Aisialdiaren Zarata Mapa osatu bitartean, dekretu baten bitartez eta kalearen edo plazaren morfologia, dimentsioak eta kalean dagoeneko ezarriak dauden ostalaritza jardueren portzentajea kontutan hartuta.
- Lizentzia motari dagokionean ezingo da I taldetik II taldera inongo aldaketarik eman, Aisialdiko Zarata Maparen bitartez Babes Akustikoko Eremu Bereziak zeintzuk diren zehaztu arte.
- Hiriko zonalde zehatzetan ostalaritza jarduera berriak ezartzea debekatuko da eremu horiek Babes Akustikoko Eremu Bereziak izendatzen direnean, Aisialdiko Zarata Maparen bitartez. Babes Akustikoko Eremu Berezietan ez da aplikatuko 7. artikuluak distantzia minimoei buruz zehazten duena, baizik eta Ekintza Planak zehazten duena.
- Gaiaren inguruan bizilagunek ahalik eta informazio handiena izan dezaten, ostalaritza jarduera guztietako fatxadan edo atean kaletik errez ikusi daitekeen bereizgarri bat ezarriko da bertan jardueraren lizentzia mota eta bete beharreko ordutegia zein den izango dituena.