Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek gogor kritikatu ditu gaur hainbat eragilek ETAk atzo zabaldutako adierazpenaren aurrean eman duten erantzuna. Erakundeak Espainiako gobernuen jarrera salatu du bere idazkian, gatazkaren ondorioen inguruko negoziazioaren gainean, “Aieteko konferentziak gatazkarekin zerikusia duten eragile guztiei eskatzen zienaren arabera, hain zuzen, bertan parte hartu zuen alderdiren batek damutu egin dela dirudien arren”. Adierazpenaren bidez agerian gelditu da Mariano Rajoyren gobernuak prozesuarekin aurrera egiteko zer nolako borondatea duen, “inolakoa ere ez”.
Matuteren hitzetan, “kezkagarria” da negoziazio esparruen itxiera. “Kezkatzeko modukoa da, halaber, EAEko Gobernuan dagoen alderdiak, PNVk, ETAren amaiera eskatzera mugatzea, Madrilgo gobernuari inolako erantzukizunik eskatu gabe”. Bakearen alde Iruñean eta Bilbon egin berri diren Foro Sozialak gogoratuta, nazioarteko gatazketan adituak direnen irakaspen baliagarriak kontuan hartzera deitu du, konponbidearen eta berradiskidetzearen alde.
Adierazpenaren edukiari dagokionez, indarkeriaren erabilera oro bere sorreratik arbuiatu duen Alternatiba bezalako erakunde batetik ETAk adierazitako borondatea nabarmendu dute, konponbidearen alde lanean jarraitzeko, oztopoen gainetik ere, Euskal Herriak bakea merezi eta behar duela aitortuta, “baieztapen honen aurrean, bitxia da nola eragile askok mehatxua ikusi nahi izan duten, eta ez indarkeriarik eta inposiziorik gabeko gizartea eraikitzeko pizgarri bat”.
Azkenik, Matutek gizartea bakegintzan, normalizazioan eta gatazka gainditzeko bidean inplikatzeko beharra azpimarratu du, kaletik zein aipatutako foroetan parte hartuta. Era berean, gizartearen papera aipatu du eragile sozial eta politikoak mugiarazteko “urratsik egin nahi ez dutenei bakearen alde konprometitzeko, herritarren hainbeste urtez aldarrikatu dutenez”.