Datorren martxoaren 31ko Aberri Eguna ospakizun eta aldarrikapen eguna da Euskal Herriko ezker subiranistarentzat. Mugimenduan eta bizirik dagoen herria garela ospatzen dugu, oztopoen gainetik eta errepresioaren gainetik tinko aurrera egiten dugulako. Aldi berean, ospatzen dugu ere azken urteetan sektore herritarren ekintza batasunerantz egin izana, gure nazioa behetik eta ezkerretik eraiki nahi dugulako. Baina batez ere, martxoaren 31n gure herriaren subiranotasuna aldarrikatzen dugu, boterea bidegabeki dutenek historikoki usurpatu, ukatu eta isilarazi diguten subiranotasuna.
Herri honen subiranotasuna ukatzen dutenak determinazio askerako erabilera demokratikoa debekatzen dutenak dira; Espainiako batasun sakratua bermatzeko ejertzitoaren armak erabiltzen dituztenak dira; espainiar homogeneotasun kulturalaren lekuko frankista jasotzen duen monarkia defendatzen dutenak dira. Gure herriaren subiranotasuna ukatzen dute gure lurraldea errealitate administratibo desberdinetan banatzen dituzten horiek; gure hizkuntza gutxiesten eta museo puska edota bitxikeri folklorikoa bezala baztertzen duten horiek. Eta Euskal Herriaren subiranotasuna ukatzen dute eskubide zibil zein politikoen urraketari eusten dioten horiek; debekua, errepresioa eta mendekua arma politiko bezala erabiltzeko joera duten horiek.
Baina, herrialde honetako herri klaseoi subiranotasuna ukatzen digute ere, “austeritate” eufemismopean murrizketa neurriak inposatzen dizkigutenean eta boterearen gehiegikeria berri baten bitartez krisi hau eragin ez dugunoi ordainarazten diguten bakoitzean. Bizi dugun espoliazio programatuaren garai honetan, non agintariek poltsikoak goraino betetzen dituzten herri babesgabe baten kontura, gure herriaren subiranotasunaren aldarrikapenak esanahi berria hartu du. Bizi garen mundu honetan, non gure gertuko bizitzaren gaineko erabakiak ez diren herri asanbladetan edota instituzio publikoetan hartzen, baizik eta demokraziatik kanpo dauden bulego ilunetan, gure subiranotasun osoa eskatzea biziraupenerako gakoa bihurtzen da.
Euskal Herria herri burujabea izan nahi du. Ez jabez aldatzeko, dominaziorik gabe bizitzeko baizik. Gure herriak, munduko beste nazioekin batera, ahots propioa izan nahi du eta bere elkartasun internazionalistarako harreman propioak eraiki nahi ditu, Frantziako eta Espainiako gobernuek gu isilarazteko, ordezkatzeko eta desagerrarazteko asmoa duten arren. Gure herriak ahotsa eta erabakia izan nahi du pertsonen neurrira, eta ez kapitalaren pilaketaren neurrira, egindako sistema ekonomiko eta soziala altxatzeko. Subiranotasuna nahi dugu gure lurraldea eraso desarrollistetatik defendatzeko, gure elikadura subiranotasuna bermatzeko eta euskal nekazaritza bizirik mantentzeko. Hiltzen, diskriminatzen eta emakumeen subiranotasunari betoa jartzen dion patriarkatutik libre bizi nahi dugu.
Gure aurrean pertsona askeaz osatutako aberri askea eraikitzeko erronka dugu. Gure herriaren kontra doazen inposaketei aurre egiteko erronka, berdin du nondik eta zer nolako formarekin datozen. Horregatik, Euskal Herri adindun baten alde borroka egiten dugu, bere konfigurazio politiko propioa aukeratu dezakeena besteen menpe egon gabe. Gobernuen blokeoen gainetik, gatazka politikoaren irtenbide baten alde egiten dugu borroka. Gure borroka herri solidario batena da, inperialismoaren kontrakoa, ekologista, feminista, erradikalki demokratikoa. Gure borroka, Alternatibaren borroka, azken finean, Euskal Herri aske eta sozialistaren aldeko borroka da.