Aurki beteko da urtebete Iñigo Cabacas gaztea Ertzaintzak jaurtitako pilotakada baten ondorioz zendu zela. Bilboko Indautxuko kalezuloan bildutakoei Ertzaintza bortizki oldartzeko erabakia Deustuko polizia etxean hartu zutela dioten informazioen inguruan, EH Bilduk gogor salatu nahi du 2012ko apirilaren 5eko iluntze hartan gertaturikoa argitzeko denbora aski eta sobera igaro dela, eta horrenbestez, koalizioak adierazi nahi du onartezina dela, oraindik ere, Cabacas auzian erantzule politiko eta polizialak zein diren argitu ez izana. Are, aukera baliatu nahi dugu irmo gaitzesteko oraingoz auzipetu bakarrak Cabacasen hilketa salatzeko ustez protestetan parte hartutako gazte batzuk direla.
Hala, EAJri exijitzen diogu duela urtebete Barne Sailak ustez abiaturiko ikerketa bururaino eramateko. Zehazki, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari eskatzen diogu arduraz jokatzeko, eta beharrezkoak diren pausoak emateko, Basauriko gaztearen hilketaren erantzuleak nor diren behingoz argitzeko.
Era berean, Fiskaltzari eskatzen diogu ausarki jokatzeko, Cabacasen hilketaren konplize ez bihurtzeko eta balizko presio politikoen gainetik, Cabacas auzia ebaztea ahalbidetuko duen ikerketa zorrotz eta zehatza burutzeko.
EH Bilduk adierazten du bai Legebiltzarrean eta baita Legebiltzarretik kanpo ere, lanean jarraituko duela, Cabacas auzia erabat argitu arte.