Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek Gara egunkariak gaur argitaratutako ETAren adierazpenaren edukia Paris eta Madrilgo gobernuek gatazkaren konponbidean urratsak egiteko asmo gabeziarekin lotu du, “kezkagarria da gatazkaren parte diren eragile nagusienetako batzuek inolako pausorik ez ematea”. Edozelan ere, edukiari dagokionez, erakundearen presoen kontrako mendeku politiken amaiera eskatzen duena, nabarmendu nahi izan du “behin betiko konponbidearen aldeko jarreran inolako aldaketarik ez dagoela, oraingo honetan aipatzen dituzten oztopo horien gainetik ere”.
Matutek premiazkotzat jo du Aieteko adierazpenak zehaztutako urratsak egiten hastea, Madrilgo gobernuetatik egiten ari direnaren kontra, egunotan ezagutu dugun Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordearen txostenak ondo islatzen duenez; izan ere, Guardia Zibilak ikuskatzaileen lana oztopatu ere egin zuela edota Beatriz Etxebarria gazte bilbotarrak duela bi urte eskas pairatu eta salatu zituen torturak benetan eman zirela egiaztatu du batzordeak. Horregatik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak exijitu du “behin betirako desagerrarazi behar dituztela salbuespen legeak eta zigortzeko neurriak, are gehiago, gatazkan ematen ziren indarkerietako bat guztiz amaitu dela baieztatu denean”.
Guztiaren gainetik, Matutek bakegintzan, normalizazio politikoan eta gatazka betiko gainditzeko bidean herritarrek izan behar duten protagonismoa azpimarratu du, horretarako, baina, “ezinbestekoa izango da kalean pertsona guztien eskubide guztientzako errespetua aldarrikatzen jarraitzea”.