- Udal gobernu taldearen kudeaketa eredu ustez bikainak dauzkan pitzadurak gero eta nabarmenagoak dira, EH Bilduren Bilboko udal taldeak aurreko astean jakinarazitako informazioek argiro erakusten dutenez. Kontuak ustez eguneratuak eta defizitik ez zuen Udalak, gutxien-gutxienez, 79 milioi euroko zorra duela salatu du Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak. “Hautsi da, beraz, EAJren inguruan eraikitako kudeaketa bikainaren eta zero zorraren inguruko mitoa”, esan du.
Ibaibarriagak azaldu duenez, “79 milioi euro horietatik 30 milioi, Deustuko kanala irekitzeko lanen ondoriozkoak dira. Bilbao Ria 2000 sozietate publikoaren desegiteak, halaber, 195 milioi euroko zorra utzi du; eta horren %15 Udalarena dezenez gero, aipaturiko 30 milioi horiei beste 29 milioi gehitu behar zaizkie”. Ibaibarriagak ohartarazi du: “Baina hori ez da dena; gehiago ere badago: Bilbao Ria 2000 sozietate publikoaren baitan, beste 20 milioi euroko zorra ere badu Azkunaren taldeak, Iberdrolaren Gardokiko egoitzaren lursailaren rekalifikazioaren ondoriozkoa. Izan ere, Iberdrolak ordaindu beharko lituzkeen 20 milioi euro bere gain hartu zituen Udalak 2005ean”.
Horrenbestez, herritarrei bizkar emanez gobernatzea, eta abiadura biko Bilbo bat sustatzea egotzi dio EH Bilduko zinegotziak EAJren gobernuari, “noiz, eta 32.559 bilbotarrek enplegurik ez duten garaion”.
Irizpide ekonomikoetan oinarritutako EAJren hiri eredu horren aurrean, pertsonak abiaburu eta helburu izango duen hiri ereduaren aldeko apustua berretsi du EH Bilduk. “Pertsonen Bilbo sortzea da gure helburua”, esan du Jon Salaberria Bilboko EH Bilduko ordezkariak, “eta ez multinazionalen Bilbo”.
Salaberriak azaldu duenez, “bestelako hiri eredu bat premiazkoa dela erakusteaz gain, gaurdanik bertatik gauzagarria ere badela erakutsiko dugu jardunaldietan”.
Horretarako, esparru teorikoa lantzeaz gain, EH Bilduren jardunaldietara biltzen direnek beste herri batzuetan arrakastaz abian jarritako ekinbide zehatzak izango dituzte aztergai, haien protagonisten eskutik. Besteak beste, espazio publikoaren pribatizazioaren kalteez, sektore publikoa blindatzearen garrantziaz, ekonomia pertsonen zerbitzura jartzeko moduez, etxebizitza politika publikoak sustatzeko ekinaldiez eta espazio eta ekipamendu publikoaren erabilera parte-hartzaile eta zabala ziurtatzeko baldintzez jardungo dira ‘Bilbo kudeatzeko bestelako ereduak’ jardunaldian parte hartzen dutenek.