EAJk aitzakia bilatu nahi izan du gaur, EH Bilduk erreforma laboralaren aurka eta lan harremanen euskal esparru propioaren alde aurkeztu duen ekimenaren aurka bozkatzeko. Legalitatea bete behar dela izan da ezezkoaren arrazoi bakarra. Horrela, EAJk PSE eta PPrekin bat egin, EH Bilduk langileen aurkako eraso bortitzari aurre egiteko aurkeztu duen legez besteko proposamena atzera botatzeko. Oskar Matute legebiltzarkideak alderdi jeltzalearen argudio “eskasari” aipamen zuzena egin dio bere interbentzioan: “legalitatearen eta legitimitatearen artean diferentzia handia dago. Lan erreformak legalitatea emango dizue, baina ez da legitimoa inondik inora. Legeak injustuak direnean eta herritarren gehiengoaren aurka doazenean, bideak topatu behar dira lege horiei aurre egiteko”. Matutek salatu du EAJ eta beste alderdiak kontraesanetan erortzen direla. “Bolo-bolo erabiltzen duzue argudio bera, alegia, gure produkzio ehuna ezberdina eta berezia dela. Hori onartzen baduzue, ezinbestekoa da gure ehun produktiboarentzat eta gure langileentzat beren beregi egindako euskal esparru propioa”.
EH Bilduko bozeramaileak esan du lan-erreformaren helburua langilegoaren erosteko ahalmenak okerrera egitea dela. “Erreforma ezarri nahi dutenek, babesgabetasun sozial eta laborala nahiko lukete, sektore publikoa ahultzeko”, baieztatu du, “gure koalizioak defendatzen duen kontrakoa”
Estatu mailan iraungitzen diren hitzarmenen inguruan Madrilen adostutako aurre-akordioa dagokionez, Matute kritikoa azaldu da: “Atzeratzea hitzartu dute soilik, baina ez du langileen negoziaziorako posizioak ahultzen dituen lan-erreformaren oinarrizko edukirik aldatzen. Olgetarako tartea, hutsartea da, hitzarmenak ziurtatzen dituzten lan baldintzekin amaitzeko ibilbidean”.