Alternatibako bozeramaile nazional Amaia Agirresarobek baikortasun handiz hartu ditu martxoaren 14an eta 15ean Iruñean eta Bilbon antolatu zen bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren sustatzaileek gaur Donostian aurkeztutako gomendioak. “Nazioarteko gatazketan adituen iritzietan oinarrituta daudela, eta are gehiago, Lokarrik eta Bake Bideak antolatutako foro honetan herritarren ekarpen zuzenak ere jaso direla azpimarratu nahi dugu. Horregatik, gatazkan inplikazioa duten eragileek kontutan hartu eta aldi berean, bereganatu beharko lituzkete herriaren normalizazioa politikoa lortzeko eta gatazka benetan gainditu ahal izateko”.
Alternatibatik positibotzat jo dituzte bost ataletan banatutako hamabi puntuak, horietako batzuk azpimarratu badituzte ere: “bake prozesuaren erronkei aurre egiterako orduan, gizarte zibilaren, instituzioen eta politikarien parte-hartzearen beharra; zentzuzko denbora tarte batean desarmatze prozesu egiaztagarri baten diseinuaren eskaera; salbuespen espetxe politikari freno ipintzeko gomendioa eta giza eskubideen egoera erakunde independente batek ebaluatzeko iradokizuna”.
Agirresarobek Bake Foroaren sustatzaileen “ekarpen garrantzitsua” nabarmendu du, “gatazka gainditzeko bidean oztopoak besterik jartzen ez dituztenen aurka”, horregatik alderdi ezkertiarraren apustua berretsi du, “gizarteari bakegintzan eta Euskal Herriko pertsona guztientzako eskubide guztien aitortza lortze aldeko lanean parte hartzen jarrai dezatela”, kalean zein joan den martxoan antolatutakoaren moduko topaketetan.