Ate joka dugun PNV eta PSEren arteko akordioak, azkenean gauzatuko bada, ez du inor harrituko. PNVk hasieratik adierazi du behin eta berriro non kokatzen zituen bere lehentasunak, eta denbora irabazteko PPrekin jokatu ondoren bere benetako helburua argitu da.
Hilabete hauetan etengabeko antzerki baten sartu nahi izan gaituzte eta antzezlan horretan jarraitzen dute. Azken finean PNVk eta PSEk eredu berbera partekatzen dute eta akordio honen bidez PNVren ahuldadea eta PSEren beharrak estali nahi dituzte, hauteskundeen ostean zituztenak, hain zuzen, baina bere momentuan konpontzeko gai izan ez zirenak.
Noraezean dabilen PNV honek egonkortasuna behar du, eta botere instituzional guztia galdu ondoren PSEk presentzia politikoa izateko beharrean zebilen eta akordio honen bidez bozekin lortu ez duena PNVren kontura lortzen saiatuko da. Orain falta da jakitea zeren truke egin duen PNVk, zein izango den akordioa ixteko PSEri emango dion saria.
Baina bi alderdien beharraz gain, argi dagoena da ez dutela ereduaz, herritarren beharrei buruz hitz egingo, baizik eta oraingo ereduari eusteko behar dituzten akordioei buruz. Beraz, beraien interesen araberako irtenbideak adostea izango da lehentasuna, eta ez gizarteak aldarrikatzen dituen ildoen arabera.
Herri honek akordioak behar ditu, bai; baina ez bizi dugun egoera latza biziraunaraztea beste helburua ez duten txantxulloak. Beharrezkoak dira akordioak bestelako eredu bat ezartzeko, kalitatezko enplegua sortu eta aberastasuna sortu eta banatzeko, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatu sozio-laboralak aitortuak eta errespetatuak izateko, herritarrek beraien bizi-proiektuak duintasunez garatu ahal izateko… Eta PNVk eta PSEk antzeztuko diguten hori ez da bide horretatik joango, beraiek izan direlako krisiaren zulo beltzean murgildu gaituztenak urteetan indarrean jarri dituzten politikekin. Porlana, prekarietatea eta eskubide murrizketa da haien bidea; EH Bilduk, ordea, pertsonen duintasuna jartzen du beti bere jardun politikoaren erdigunean. Horregatik ez gaituzte nahi ondoan.
Osteguneko greba orokorrean bezala, berriro ere langabetuei, baztertuei, langile prekarioei… bizkarra ematen jarraitzen dute, beraien arteko negozioak bermatzeko. Parlamentuan babesten dira gizartearen aurrean aurpegia eman gabe. Politika jendearekin kontaktuan egin behar da, erabakiak gizartearekin eta gizartearentzako hartu behar dira, eta ez elite ekonomiko eta politiko zehatzen interesen arabera.
Bestalde, EH Bildutik behin eta berriro azpimarratu dugu PNVk argitu behar zuela zer nolako herria, zer eredu eta norekin eraiki nahi zuen. Orain bere hautua egin du eta, zoritxarrez, herri honen aitortza onartzen ez duen alderdi batekin lotu da, Euskal Herriaren eskubideak, izaera eta nortasuna errespetatzen ez duen sektore batekin. Eta Madril eta Troikatik erabakitzen dutenaren menpe jarraitzeko, neurri horien legalitatearen eta zilegitasunaren eztabaida ekidinez.
Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan behar du, baina PNVk behin eta berriro ukatu egiten du EH Bildurekin batera bide hori jorratzeko aukera. EH Bilduk nekez uler dezake herri ikuspegi batetik Gasteizko legebiltzarrean lehen indar politikoa bigarrenari inoiz akordio eskaintzarik egin ez ezik, elkarlanerako aukera orori uko egitea. Bere hautuekin PNVk behin eta berriro PSEri edo PPri ematen die herri hau gobernatzeko giltza.
Zein da arrazoia EH Bilduren proposamenak eztabaidatzeko borondate falta eta beldurra? Guk argi utzi dugu hilabete hauetan non kokatzen genituen egoera honetatik ateratzeko beharrak: justizia sozialean oinarritutako fiskalitatea eta iruzur fiskalaren aurkako borroka; murrizketekin amaitzea, zerbitzu publikoak babestea, gizarte eragileekin irtenbideak adostea, lan erreformaren aurrean enplegu politika berriak bultzatzea… Zein da PNVren arazoa EH Bildurekin horretaz hitz egiteko?
Galde diezaiela PNVk bere bozemaileei ea akordioak nahi ote dituzten euskal herritarren eskubideak ukatzen dituztenekin, erabakitzetik hasita zein lan edota etxebizitza duinerako eskubidearekin amaitu, akordioak nahi dituzten. Herritarren gehiengoari bizkarra emanda ari dira. Ondorioz, edo EH Bildu zokoratzeko asmo garbia dago edo, guk uste duguna, sistema honen aldeko indarren artean eredu neoliberala pixka bat gozatuz bere horretan mantentzeko akordio ahaleginez ari gara.
Herri honek benetako herri akordioak behar ditu, eragile politiko eta sozial guztiekin ariketa burujabeen bidez eredu atzerakoi honetatik justizia sozialean oinarritutako eredu berria eraiki dezagun, behetik eta ezkerretik.