Alternatiba Bilboko bozeramaile Jorge Segovianok, Bilboko alkate Iñaki Azkunari eskatu dio Kukutza gaztetxearen hustearen inguruko istiluak prozesatzen dituen auzia uzteko, orubearen jabe Cabisa enpresak, 2011an eraikinaren hustearen ondorioz egon ziren hiru inputatuen eta 23 atxilotuen kontrako auzian salaketa pertsonal bat egitera uko egin dionean.
Segovianok Azkunari “alkate zerbitzaria” izatea leporatu dio, “erakunde pribatuen defentsan lan egiten duena, haien burua defendatzeko interesik ez dutenean ere. Nolatan ari da alkatea bestela auzi batean, enpresa pribatu baten defentsan, enpresak berak bere burua defendatzeko interesik erakusten ez duenean?”. Aldi berean, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak orubearen gaurko egoera deitoragarria salatu du “guztiz abandonatuta dago, proiekturik gabe bistan eta inolako erabilpenik gabe, Errekaldeko bizilagunek hasieratik susmatzen zuten bezalaxe”.
Kukutzaren Elkartasun Taldeak dioenez, “salaketa zentzurik gabekoa da, legalitatetik zein gizartearen ikuspuntutik, higiezin baten usurpazioa leporatzea 23 lagun jakinei Kukutzara joandako milaka lagun izan zirenean eraikina hustera joan zirenean”. Are gehiago, Segovianok horrela azpimarratu du: “haien burua demokratatzat dutenei eta besteei irakaspenak emateko ohitura duten horiei ahotsa eta indarra emateko saiakera berri bat da hau, bortizkeria polizialaren bitartez egindakoa”.
Guzti horregatik, Alternatibatik gaur Bilbon, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Bilboko Udalaren aurrean “Bilbo x kukutza” herri ekimenak deitutako mobilizazioan parte hartzera deitu dute, inputatuei haien elkartasuna helarazteko, eta burujabetza eta okupazioa defendatuko dituen eredu sozial berri baten aldeko kausan indarrak batzeko.