Ekainaren 28a, 44 urte beteko dira New Yorkeko Greenwich auzoan izandako gertakarietatik; hain zuzen, askapen sexualaren aldeko eta lesbianek, gayek, bisexualek eta transexualek pairatzen zuten errepresio polizialaren, politikoaren eta erlijiosoaren aurkako mugimendua sortu zen gertakari horietatik. LGBT mugimenduak azken lau hamarkadatan egindako borrokarekin bat egiten du Euskal Herria Bilduk, eta Euskal Herriko hiri eta herrietan E28 honetarako deitu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du. Koalizioko ordezkaritza zabal batek parte hartuko du mobilizazio horietan.
Pertsona guztientzat eskubide eta askatasun berdintasuna aldarrikatzeko arrazoiak oraindik ere egon badaudela uste du EHBilduk, izaera eta norabide sexualari dagokionean ere bai. Mundu mailan asko dira oraindik sexu aniztasunaren eta askatasunaren aurka egiten diren erasoak. Errusian, esaterako, propaganda homosexuala debekatzen duen legea onartu dute duela gutxi eta Frantzian faxista homofoboek Clement Meric militante antifaxista eta LGBT mugimenduko aktibista hil zuten duela hilabete batzuk.
Tamalez, Euskal Herrian ere ematen dira oraindik erasoak eta inposizioak matxismoa, transfobia, lesbofobia eta homofobia darabilten jarreretatik. Horren eredu dira Vatikanoak egin eta Hego Euskal Herriko apaizei bidalitako homosexualitatearen aurkako eskuliburuak. Baina Iparraldean ere pairatzen ditugu erasoak, sexu bereko ezkontzak egin nahi ez dituzten politikarien eskutik, Frantziako legebiltzarrak berririk onartutako legea urratuta.
EHBildutik elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia aldarrikatzen dugu, jarrerak aldarazi eta LGBT kolektiboarekiko aurreiritziak eta fobiak desagerraraziko dituenak, alor guztietan ezinbestekoak diren lege eta gizarte aldaketak eginda: hezkuntzan, osasungintzan, komunikabideetan edota herritar askatasunetan.