Dakizuen moduan, gaur hedabideen bitartez jakin dugu Bizkaiko Aldundiak Metro Bilbaoko gastuak ikuskatzeko eskatu duen txostenaren edukia. Eduki guztiz sumingarria. Politika egiteko eredua aldatzeko beharra argi eta garbi uzten duena. PSEk lau urte besterik ez ditu eman Eusko Jaurlaritzan eta nahikoa izan zaizkio diru publikoarekin, guztion diruarekin, gastu lotsagabe eta onartezinak egiteko, ezkutuan.
Iñaki Pregoren lan kontratua geroz eta baldintza estuagotan bizi den gizarteko sektore zabalarentzako iraingarri da. Kontratu hori sozialistak deitzen diren horien gobernuak sinatu zuen. Ernesto Gasco ustezko sozialista, orduan Garraio sailburu zenak sinatu zuen pribilegioz jositako kontratu hura. Hauexek dira ondoren politikaren gutxieneko oinarri etikoak aipatuz beste batzuei goitik behera begiratzeko legitimatuak sentitzen direnak.
Onura pertsonalerako guztion diruarekin ehunka milako gastuak egitea nahikoa ez, legez kanpo 183.000 euro jasotzea nahikoa ez eta gainera, Pregok Metroko langileen eta erabiltzaileen arteko konfrontazioa bultzatu zuen. Eta ezin dugu ahaztu Pregoren aurretik ere, aurreko taldeak 500 milioi euroko zorra utzi ziola Bizkaiko Garraio Partzuergoari.
Gaurko albistea ez da gizartearen bizkar onura pertsonala bilatzen dutenen adierazle bakarra. Halako erabaki onartezinak ematen badira, kudeaketa eredu ilunak posible egiten duelako da. Merkataritza Sozietateek, sozietate publikoek, diru publikoz hornitzen dira kudeaketa pribatua egiteko. Sozietate horietan diru publikoarekin zer egiten den gizarteak ez du ezagutzen eta gutxi balitz, gure erakundeen kontuak zorpetzen dituzte.
Horren adibide garbia dugu Bizkaian dugun eredua. Jose Luis Bilbao entzun dugu gaur irratian gardentasunari dagokionean egiteko asko dugula esaten, kargu publikoa dugunok eredugarri izan behar dugula esaten baina bera ere, Bizkaiko Aldundia ere, eredu horixe ari da aplikatzen. Bizkaian, Merkataritza Foru Sozietateek 1.000 milioi eurotik gorako zorra eragin diote lurraldeari. Aldundiko Foru Sozietateen kargu altuek kobratzen dituzten soldatak iraingarriak dira. Esaterako, BECeko gerenteak 105.000 euro kobratzen zituen urteko joan den urtera arte. Eta gainera, diru publikoarekin egiten duten erabileraren kontrola zailtzen dute. Beraz, gardentasunean sakondu nahi badu, Bilbao jaunak badu nondik hasi.
Bilbao jaunak kudeaketaren gardentasuna bezalako hitzak erabiltzea zinismo hutsa da, eta herritarrei burla egitea ere bai. Metro Bilbaokoa bezalako kasuak edo gure instituzioen zorpetze lotsagarria ahalbidetzen duen ereduaren bultzatzaile nagusiena da Bilbao bera eta bere alderdia. Orain gardentasunaz hitz egiten ateratzeak edo Jaurlaritzako kargu publikoek inolako ondorio penalik ez daukan kode etikoa sinatzearen bitartez beraien irudia zuritu nahi izateak agerian uzten du zenbaterainokoa den EAJren konpromisoa kudeaketa publiko eredugarriarekin..
Gardentasuna, kontrol publikoa, kudeaketa zuzena eta parte hartzea dira halako kasuak murrizteko bermea. Bai, EAJk, bai PSEk eta bai PPk politika egiteko duten eredu ilun eta urrunaren kontrako norabidea da EH Bilduk defendatzen duena. Ezin bestekoa da, garai hauetan inoiz baino gehiago, politika pertsonen zerbitzura jartzea eta horretarako orain arte izan dugun kudeaketa ereduari buelta eman beharko diogu.