Alternatibako bozeramaile nazionalak, Oskar Matutek, lehendakariak gaur goizean sindikatu eta patronalaren ordezkariekin eginiko bileraren emaitzaz hitz egin du: “Bi aldeen arteko ezinezko akordioak agerian utzi du patronalaren benetako interesa zein den, lan erreforma baliatzea langileen eskubideak murriztu eta, horrela, etekinak biderkatzeko”. Era berean, enpresaburuei leporatu die “beren interes ekonomikoei bakarrik” erreparatzea, euskal herritarren duintasuna berma dezakeen inolako proposamenik egin gabe.
Matutek esan duenez, patronala gerra frontean kokatuta dago “bestelako eredu ekonomiko eta soziala babesten dugunon aurka, haien pribilegioekin amaitzea bilatzen dugunon kontra”. Hala, PNVren Eusko Jaurlaritzaren gaitasun falta deitoratu du egoera honi aurre egiteko, “arbitro lanetara mugatu da, herritarren ondoan kokatu ordez, haiek baitira ultraeraginkortasunaren amaieraren ondorioak pairatuko dituztenak, lan eskubideetan zein soldatetan”.
Guzti horrengatik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Iñigo Urkulluren gobernuari exijitu dio “bere burua koka dezala, Gipuzkoako Aldundiak zahar egoitzen gatazkan egin duen bezalaxe”, honetan Politika Sozialeko departamentuak langileen aldarrikapenak babestu baititu lan erreformaren aurrean. Legebiltzarkideak Lakuari dei egin dio, langile klaseen duintasuna defenda dezala, “gizarteak ez duelako bitartekaririk behar, herritarren eskubideak babestuko dituen gobernua baizik, gabezia gehien dituztenena bereziki”.