BERRIA egunkariak galdetegi bat bidali die Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko alderdiei, abiadura handiko trenaren (AHT) inguruan izan diren azken albisteen inguruan. EHBildu koaliziotik Oskar Matutek erantzun ditu:
1.Ipar eta Hego, badirudi abiadura handiko trena (AHT) loturarik gabeko tren bat izango dela. Nola hartu dituzue AHTaren inguruan izan diren azken albisteak?
Azken albisteek agerian uzten dute EH Bildu aspaldi esaten ari dena: proiektu hau oinarritzen da makroazpiegituren eraikuntza ardatz zuen desarrollismo zaharkitu batean. Sekula ez da onuragarria izan, ingurumen kaltearengatik eta barruko eskualdeen desegituratzeagatik. Eraso ekonomiko, ekologiko eta sozial hau aurrera eramateko zeukaten argudio nagusia —Madril eta Parisekin lotura azkar bat izatea— ez dela benetakoa ikusten ari gara. Kapitalismoaren erasotik babesteko beharrezkoa den diru publikoa alferrik galtzen ari gara enpresa handi batzuen behar ekonomikoei erantzuteko.
2.Planteatu beharko litzateke berriro obra honen etorkizuna, edo aurrera jarraitu beharko litzateke bukatu arte?
Obrak gelditzeko unea da, eta xahutzen ari den dirua oinarrizko gizarte beharretarako erabiltzeko. Aldi berean, behar dugun mugikortasun eta garraio ereduari buruzko gizarte eztabaida bat zabaldu behar da. Eztabaida horrekin ikusiko dugu zer egin hasierako egoerara itzuli ezin den horrekin, nahiz eta guretzat desiragarria litzatekeen egin diren zementuzko orbain guztiak zuzentzea.
3.Zer egiteko asmo dauka zure alderdiak egoera honen inguruan?
EH Bildun jarraituko dugu ahalegintzen azpiegiturak izan daitezen gizartearen gehiengoaren beharren araberakoak, eta ez euren lagun enpresariak gogobete nahi duten ikuspegi motzeko buru batzuen apeta. AHTa geratzea zentzuaren eta Ama Lurraren errespetuaren bidera itzultzea da, sekula galdu behar ez genuen bidera. EH Bilduk ekonomia ekologizatu nahi du. Baina badira hiru alderdi ohartu behar direnak AHTa hiru hiriburu batuko dituen tranbia bat besterik ez dela, onura sozialik gabea. Alegia, proiektu honi etengabe diru itzela ematen dioten EAJ, PSE eta PP. Kostako da, baina benetan herritarrengan pentsatzen badute, haiek ere ohartuko dira ez dugula tren hau behar.