Zaharren egoitzak eta eguneko zentroak kudeatzen dituzten enpresa eta erakundeei zazpi eguneko epea eman die Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gizarte Politikako Departamentuari jakinaraz diezaioten zein baldintza aplikatuko dizkieten langileei uztailaren 7tik aurrera, egun horretan jarri baitzen indarrean Espainiako lan erreforma. Informazio hori eskuratuta, foru administrazioak egokitu egingo ditu enpresei ordaintzen dizkien tarifak, lantoki bakoitzean aplikatzen den marko laboralaren arabera.
Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek –prentsa aurreko batean– deitoratu egin du Espainiako lan erreforma, bere ustez «langile klasearentzat inoiz izan den eskubide galera handienetako bat» baita. Poza agertu du, hala ere, Gipuzkoako zaharren egoitza eta eguneko zentro gehienetako langileek prekarietateari ihes egiteko aukera izan dutelako, lan hitzarmen propioak edota Aldundiak egindako adostasun proposamenaren araberakoak sinatu baitzituzten, erreformaren aurkako klausulekin, lansariak KPIren arabera igota eta Aldundiaren 9,2 milioi euroko ekarpenaren babesean.
Zehazki, sektorearen % 90 dago langileen eskubideak urratzen ez dituzten lan hitzarmenak izenpetuta. «Oso garrantzizkoa da halako egonkortasun lasai bat ematea sektore honi, Gipuzkoan 4.200 langile hartzen baititu, horietatik % 97 emakumeak. Horrek erakusten du Gizarte Politikako Departamentuak hilabete luzetan egin duen bitartekaritza lanak bere emaitzak ekarri dituela», adierazi du.
Hala eta guztiz ere, oraindik hor gelditzen dira zaharren egoitza eta eguneko zentroen % 10 inolako akordiorik izenpetu gabe, eta horietatik sei, gaur gaurkoz greban dira. Foru erakundearen ordezkariaren iritziz, «Aldundiak zehazki jakin behar du zein baldintza laboral ari diren aplikatzen bere finantzaketa jasotzen duten zentroetan. Egoitza gehienek, Aldundiaren proposamenaren arabera, langileen lansariak KPIren neurrian igoko dituzte. Ondorioz, Gizarte Politikako Departamentuak neurri horretan goratuko ditu tarifak. Aldiz, oraingoz ez dakigu zein lansari baldintza izango diren gatazkan trabatuta dauden enpresa horietan. Espainiako lan erreforma aplikatzen badute, soldatak 400 euro beheratu eta lanorduak 200 orduz handitu daitezke urtean. Horrela baldin bada, Aldundiak neurri berean murriztuko ditu tarifak, foru gobernuak ez baitu lagako enpresa bat aberastea diru publikoz Espainiako lan erreforma aplikatuta».
Ondorioz, Gizarte Politikako Departamentuak gutun bat bidali die zaharren egoitzak kudeatzen dituzten erakunde eta enpresei, «zazpi eguneko epean, jakinaraz dezan administrazio honekin kontratatutako edo hitzartutako zentroan edo zerbitzuan lan egiten duten enpresa horretako langileei zein lan hitzarmen edo akordio aplikatzen zaien».
Idatziak azaltzen duenez, «dirubide publikoen erabilera eraginkorrak arau izan behar du administrazio jardueran guztietan; beraz, administrazioak jasotzen dituen zerbitzuak eta haien trukean ordaintzen dituen prezioak egokituta egon behar dira, baita ere komenioz edo hitzarmenez zenbait entitaterekin adostutako zerbitzuetan».
Bestalde, sei egoitzatan greban diren langileen aurka auzibide bat jartzeko Adegik egindako mehatxua aipatu du diputatuak, zenbait hedabidetan agertu diren albisteen harira: «Lehenik, gure elkartasuna adierazi nahi diegu langileei, era horretako mehatxuen aurrean. Gertakari larri bat da, inoiz gertatu gabea. Gipuzkoan greba eskubidea bertan behera utzi nahi izatea da hori. Adegik ez dauka mugarik. Aldundia auzibidean jartzeko gauza izateaz gain, orain epaitegira eraman nahi ditu gure zaharrak zaintzen dituzten langileak, lanean duintasuna eskatzeagatik. Gizarte zerbitzuen aurka ari dira erasoka, patronala oldarraldi gordin bat ari da gauzatzen mendeko pertsonen zaintza ziurtatzen duten zerbitzu publikoen aurka, baina Aldundiak aurre egingo dio, zerbitzu horien babesean».
Gainera, diputatuak argitu du Aldundia ez dela nor greba baimendu edo gaitzesteko, ez baita hori bere eskumena. Departamentuaren erantzukizuna da bermatzea Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak ezartzen dituen gutxieneko zerbitzuen bitartez artapen egokia eskaintzen dela. Atzo, grebaren jarraipen bilera bat izan zen, baina gobernuak ez zigun inolako aldaketaren berri eman. Hortaz, orain arteko neurriak ezartzen jarraituko dugu:
– Greban diren zentroetan ikuskapenak egingo ditugu.
– Ez ditugu aldi baterako egonaldiak bidaliko.
– Ez dugu gomendatuko behin betiko egonaldiak egitea.
– Tarifatik kenduko dugu greban diren langileen soldatetan enpresek ordaintzen ez duten soldataren zatia.