Dorrea eraikitzeagatik multinazionalak ordaindu beharko lituzkeen 25,5 milioi euro bere gain hartuko ditu Udalak, eta ohiz kanpoko udalbatzarra egingo du hilaren 16an, zorraren zati bat kitatzea onartzeko.
Udalbatzarra uda erdian eginda, jokaldi makur horren ondorioak isilpean eta inongo erantzukizunik onartu gabe kudeatu nahi izatea egotzi dio EH Bilduk EAJren udal gobernuari
Iberdrola dorrearen magalera etorri gara gaur, porrot egin duen politika egiteko modu baten erakusle baita eraikin hau. Herritarrei bizkarra eman eta enpresa handien mesedetan jarduteko politika molde baten adibide argigarria ere bada Iberdrola dorrearen eraikuntza. Herritarrei eginiko lapurreta perfektua.
Zergatik diogun hau?
Heldu den asteartean, ohiz kanpoko udalbatzarra egingo du Bilboko Udalak. Eta 12 milioi euroko diru atala onartuko du, Bilbao Ria 2000 sozietatearen baitan duen zorraren zati bat kitatzeko. Hau da, ingeniaritza finantzarioa eginez, dorrea eraikitzeko Iberdrolari emandako erraztasun guztiek Bilbao Ria 2000 sozietatean eragin zuten zuloaren zati bat estaltzeko.
Argi daukagu: ez da kasualitatea udan deitu izana horretarako aurrekontua onartzeko ohiz kanpoko udalbatzarra, noiz eta uztaileko bigarren hamabostaldian, Bilboko herritarren gehiengo handi bat oporretan edo kanpoan denean. Eginiko operazioa, zeinaren bidez Udala zorpetu duten multinazionalaren mesedetan, larria da oso, eta are larriagoa da orain hartu duten jarrera: isilpean kudeatu nahi dituzte jokaldi makur horretatik eratorritako ondorioak, inongo autokritikarik edota erantzukizunik onartu gabe, eta noski, egiten ari direnaren berri herritarrei azaldu gabe.
Eta eginikoa larria dela diogu, Bilboko herritarrentzat erabat kaltegarria den jokaldia egin baitzuen Udalak. Zeinen eta Iberdrolaren mesedetan, 2012an 2.800 milioiko irabaziak izan zituen multinazionalaren onuran.
Enpresa jakin batzuen alde politika egiteko modu hori, porlanean eta espekulazioan oinarritutakoa, ohikoa da batzuentzat. Urte luzaz jardun dira horrela, eta orain ari gara ikusten zeinen larriki kaltetu dituzten herritarren interesak eta udal kontuak.
Beste behin ere salatu behar dugu, Udalak 25 milioi zorra duela Bilbao Ria 2000 sozietatean (20 milioi + KPIa), Iberdrolak ordaindu beharko lukeen zenbateko bat bere gain hartu zuelako. Halaber, gaur-hemen salatu behar dugu Udal gobernuak harturiko bideak agerian utzi dituela Azkunak behin eta berriro esan dizkigun zenbait gezur.
EH Bilduk 20 milioiko zulo horren berri eman zuenean, Udalak esan zuen 20 milioi horiek aprobetxamenduko 9.000 unitateren trukean ordainduko zituela. Baina edo orduan sartu nahi izan zigun ziria edo orain sartu nahi digu, zeren sinatuko duen hitzarmenean argi uzten du 20 milioi euro ordainduko dizkiola Bilbao Ria 2000 sozietateari, eta 20 milioi euro horiek direla, hain justu, dorrea eraikitzeko orubea saltzean Iberdrolari oparitu egin zizkion 20 milioi euroak. Eta ez Iberdrolaren Gardoki kaleko lehengo egoitzako aprobetxamenduko 9.000 unitateren trukean ordaindurikoak.
Horregatik, 2005ean Iberdrola, Bilbao Ria 2000 eta Udalak izenpetutako hitzarmenaren bestelako interpretazio bat jasotzen duen txosten bat osatu du EH Bilduk. Hau da, hitzarmenean hitzez hitz jasotakoari segitzen badiogu, Udalak aprobetxamenduzko 9.000 unitateak erosteko konpromisoa hartu zuen bere gain, eta unitate horietako bakoitza 2.305 eurotan ordaintzekoa (eta 2.855 euro ere bai, KPIaren igoera kontuan hartuz gero). Baina Udalak ez zuen hitzartu 20 milioi (gehi KPIaren igoera) ordaintzea. Ez zuen horrelako eginkizunik izenpetu. Besteak beste, 2005ean jakiterik ez zegoelako hamar urteren buruan aprobetxamenduzko 9.000 unitate horiek salduak egongo ziren edo ez.
Eta zein da egungo egoera? Bada, Bilbao Ria 2000ak aprobetxamenduzko unitateetako batzuk saldu egin ditu hamar urte hauetan, baina 2005ean finkaturiko prezioaren azpitik. 1.457 eurotan, zehazki. Eta hori kontuan harturik EAJren udal gobernuak proposatzen du kalte ordainen zenbatekoari (12.583.214 euro) ezarritako prezioaren azpitik Bilbao Ria 2000ek RAGaren bidez urte hauetan saldutako unitateen diferentzia gehitzea. Hau da, 2005ean zehaztutako 2.855 euroko prezioaren eta gauzatutako 1.457 euroko salmentaren arteko diferentzia ere udalak ordaintzea, kalte ordain gisa. Hau da, herritar guztiek.
Baina modu horretan, saltzeko falta diren unitate horiek 3.869 euroan salduko lirateke, hitzarmenean zehaztutako salneurria baino %35 garestiago eta Udalak berak eta Anidak RAGaren orubeagatik aurten ordaindutako salneurria baino %165 garestiago. Horrez gain, udal gobernuak dio hitzarmenean jasotakoak hamar urte baino lehenago betetzeko betebeharra duela Udalak. Baina hori ez dago batere garbi, hitzarmenean ez baita aipatzen horrelakorik. Halaber, EAJren udal gobernuak konpentsazio batez hitz egiten du, unitateen prezioaren debaluazioagatik, baina hori ere ez da hitzarmenean jasotzen.
Gure ustez, Udalak 14.902.608 euro ordaindu beharko lizkioke Bilbao Ria 2000 sozietateari. Izan ere, saltzeko dauzkan 5.218 unitateetako bakoitzarengatik hitzarmenean jasotako 2.855 euro emango balizkio, 14.902.608 euro eman behar lizkioke. Ez gehiago. Eta, beraz, ez eman nahi dizkion 25 milioiak. Eta ezta ere 2015 urtea baino lehen.
Eta Udalak ulertzen badu merkatuaren prezioari gaina hartzen dion zenbatekoa kalte ordain gisa zenbatu eta gehitu behar dela, eta gainera BEZik ezarri behar ez zaiola, eragiketaren oinarriak hauxek izango lirateke:
Kalte ordaina= 14.902.608-7.606.867 = 7.295.741
Aprobetxamenduzko berrerosketa = 7.606.867
BEZa (7.606.867en %21) = 1.597.442
2005ean Iberdrola, Bilbao Ria 2000 eta Udalak izenpeturiko hitzarmena oinarri horietan konprenitu eta aplikatu beharko litzatekeelakoan gaude, eta horregatik azalpen horiek guztiak jasotzen dituen txostena emango diogu udalbatzako idazkariari, EAJren udal gobernuak egiten duen interpretazioa zuzena ez dela, eta Udalaren eta oro har herritar guztien interesen aurkakoa dela sinetsita baikaude.
EAJren udal gobernuak Iberdrolaren mesedetan jokatzea erabaki du. Eta esan beharrik ez dago, jokamolde hori ulertezina eta onartezina dela, goitik behera. Eta eman beharko dizkigu azalpenak herritar guztioi nolatan egin duen halakorik. Herritarren alde lan egin beharrean, multinazionalaren interes ekonomikoak lehenetsi ditu EAJren gobernuak, noiz eta krisiak inoizko gogorren kolpatu gaituenean. Eta zeinen alde, eta urtetik urtera gero eta irabazi handiagoak dituen Iberdrolaren mesedetan. Jokabide hau ezin daiteke inolaz ere zuritu, eta EAJren taldeak badaki oso bestela egin daitezkeela gauzak. Batzuen eta besteen interesen oreka bilatuz, Pablo Alzola kaleko klinikarekin berriki egin duen bezala.
Gisa horretako erabaki politikoak onartezinak dira beti, baina berriro diogu: are gaitzesgarriagoak eta ezin onartuzkoak dira egungo testuinguru ekonomikoan. 12 milioi euro xahutuko ditu Udalak Iberdrolaren mesedetan, eta herritarren kaltetan. 12 milioi euro xahutuko ditu sail eta zerbitzu askotan murrizketak egin ondoren.
Iberdrolari 12 milioi euro oparitzea nahiago izan du, diru hori gizarte laguntzak handitzeko edota enplegua sustatzeko ekinaldietara bideratu beharrean. Eta ahaztu du Bilbon dagoeneko 32.646 direla enplegurik ez duten herritarrak, eta 20.655 premiaz bizi arren inolako laguntzarik jasotzen ez dutenak.
EAJren gobernuak ahaztu du, halaber, anbulantzia zerbitzuetan eta autobus lineetan murrizketak egin dituela oraintsu, estu bizi diren herritar askoren bizimoduan areago estutuz, eta ahaztu du nonbait eskolan zailtasunak dauzkaten umeei laguntzeko eta euskara irakasteko programak ere kendu egin dituela berriki, horiek finantzatzeko dirurik ez zegoela arrazoituz. Ez gaitzatela engainatu! Dirua egon badago. Beste kontua bat da zertara bideratu nahi duen EAJk.
Eta gaur-hemen salatzen ari garen jokaldi honek argi erakusten du zertara nahiago duen bideratu dirua udal gobernuak. Zein diren bere egiazko interesak. Eta, horrenbestez, EH Bilduk gaur-hemen salatu nahi du Iberdrola eta Bilbao Ria 2000 xede dituen jokaldi honek galerak baino ez dizkiela ekarri herritarrei. Eta gainera argi utzi nahi dugu ekidin zitekeela. Hau da, udal gobernuak baditu beste bide batzuk 2005ean izenpetutako hitzarmena urratu gabe herritarren interesak egokiago defendatzeko. Zehazki, hiru aukera edo bide dauzka zuzen eta garbi jokatu, eta uneoro egin beharko lukeen bezala, herritarren zerbitzura jarduteko. Astearteko udalbatzarrean jakinaraziko ditugu hiru bide horiek.
Eta gauzak zer diren, behin eta berriz arrakastaz beterik aurkezten zaigun Bilbao Ria 2000 sozietatearen inguruan udal-ikuskatzaileak eginiko txostenean lehendabiziko aldiz onartu dute ofizialki guk aurrez behin baino gehiagotan esandakoa: hau da, Bilbao Ria 2000ek 50 milioiko zorra duela. Beraz, argi geratu da Udalak defizitik ez duela esaten zutenean gezurretan ari zitzaizkigula. Gezur handi bat zabaldu dutela ‘defizit zero’ kontu horrekin. 50 milioi horiei, gainera, gaur salatzen ari garen jokaldiaren ondoriozko 25,5 milioi euroak gehitu behar zaizkio.
Beraz, EH Bilduk azken hileotan azaleratutako datuek argiro erakusten dute ez direla azken urteetan asperduraraino errepikatu diguten bezain kudeatzaile onak, eta are gutxiago, gardenak eta zintzoak.
Hautsi egin dira EAJren inguruan eraikitako mitoak. Eta EH Bilduk argi dauka Bilborako bestelako eredu bat posiblea izateaz gain, premiazkoa ere badela. Horretan eman ditugu azken bi urteak, instituzioan zein kalean lanean. Eta horretan segituko dugu, ez izan zalantzarik.
Sinetsita gaudelako gehiengoa garela bestelako Bilbo bat nahi eta behar dugunak, pertsonak abiaburu eta helburu izango dituen hiria eraiki nahi dugunak. Horregatik, bestelako hiri eredu baten alde segituko dugu lanean. Zorpetu behar bada, pertsona guztien ongizatea ziurtatzeko zorpetuko den hiri baten alde, baina ez enpresa handien interes kapitalak babestuko dituen hiri baten alde.