Elikadura Subiranotasuna egungo eredu agroindustrialarekiko paradigma alternatiboa da 3 zutabetan: elikadura oinarrizko Giza Eskubidetzat hartzea, herri eta estatu guztiek euren nekazaritza eta abeltzaintza politikak zehazteko duten eskubidea aldarrikatzea, eta politika horien gune bihurtu elikagaiak ekoizten dituztenak: nekazariak, abeltzainak eta arrantzaleak. Eredu berriak honako ezaugarriak ditu:
- Elikadura subiranotasuna eta elikadurarako giza eskubidea: Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak elikadurarako eta elikadura aldetik ongizateaz gozatzeko oinarrizko eskubidea jasotzen du. Baina egungo elikadura ereduak ez ditu biztanleriak behar ondasun eta zerbitzuak sortzen, baizik eta irabaziak ematen dituzten merkatugaiak. Gizakiaren oinarrizko beharrizanak, elikadura barne, irabazi horien menpean geratzen dira. Hala, bizitzaren logika mundu merkaturako elikadura ekoizpen industrialaren aginduetara jarri nahi da.
- Elikadura subiranotasuna eta tokian tokiko ekoizpena: elikadura subiranotasunak tokian tokiko merkatuan bertako ekoizleak lehenesten ditu. Egun mundu mailako merkatuak ezarritako salneurriek, liberalizazioaren eraginez, tokian tokiko ekoizleei euren merkatuetara jotzea oztopatzen die, beraz, ekoizpenerako eskubidea urratzen zaie eta tokian tokiko zein eskualdeko ekonomia murrizten da.
- Elikadura subiranotasuna eta merkatua: egungo ereduak elikagaien merkatua liberalizatu du nazioarteko enpresek euren merkatu esparruak zabaltzeko duten interesak direla medio. MMEk ezarritako liberalizazio baldintzen harira nazioarteko enpresen ekintza esparrutik at mugitzen den edozein ekimen ez da lehiakorra. Eredu berria lortuko bada, a) MME elikagaien merkaturatzeari eta ekoizpen esparruei buruzko edozein negoziaketatik kanpo utzi beharko da, b)herrialde bakoitzaren elikadura subiranotasuna errespetatuko duten benetako mekanismo demokratikoak ezarri beharko dira merkatua arautzeko, c) barne kontsumoko %5 onartzeko betebeharra ezabatu beharko da eta d) dumpinga (koste azpiko salneurrian saltzea) gelditu beharko da.
- Elikadura subiranotasuna eta ekoizpen eredu agroekologikoa: indarrean den eredua eskala handiko laborantza bakarrean eta insumo kimikoen erabilpen intentsiboan eta osagai transgenikoen erabilpenean oinarritua dagoen bitartean; elikadura subiranotasunak ezagutza tradizionalaren eta agroekologian oinarrituriko jardueren alde egiten du.
- Elikadura subiranotasuna eta nekazaritza eta abeltzaintza erreforma: elikadura subiranotasunak nekazaritza eta abeltzaintza integralaren erroko eraldaketa eskatzen du, beti ere herrialde edo eskualde bakoitzera egokituak, baserritarren ekoizpen osagaien (bereziki zorua, ura, basoa) eta ekoizpen baliabideen (finantzazioa, ahalmena eta kudeaketa zein bitartekaritza gaitasunen indartzea) eskuragarritasuna bermatze aldera. Eraldaketa prozesu hauek, nekazal erakundeen kontrolpean, ekoizleen banakako eskubideak eta talde ustiapenen eskubide kolektiboak bermatuko dituzten nekazal eta merkatu politiketan izan behar dute ardatza.
- Elikadura subiranotasuna eta natur baliabideen babesa: elikadura subiranotasunak lurzorua, ura, haziak eta animalia espezien moduko natur baliabideen zaintza eta erabilpen jasangarria aldarrikatzen du. Lurzorua lantzen dutenek natur baliabideen kudeaketa jasangarrian eta aniztasun biologikoaren zaintzan zeresana behar dute izan. Zainketa jasangarriak insumo kimikoak eskatzen du laborantza bakar komertzialak, industria ekoizpen ereduko ustiapen intentsiboak, patentatzeko eskubidea eta baliabide genetikoen merkaturatzea bazterrera uztea.