Alternatibako bozeramaile nazional Amaia Agirresarobek gogor salatu du Gipuzkoako Aldundiaren kontra Adegik egiten ari duen jazarpen estrategia, eta zehazki, Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodriguezen kontrako erasoa; eta horregatik, bere babes eta elkartasun osoa eskaini dio.
Agirresarobek Gipuzkoako patronalaren salaketa Aldundiaren kontrako eraso zuzenatzat jo du, baina batez ere, “borroka historiko horren kontrako erasoa” dela adierazi du, “instituzio batek lehenengo aldiz langileen eskubideen alde egin duelako, patronalaren interes ekonomikoen eta botere finantzarioen alde egin beharrean”.
Gauzak horrela, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak herrialde honetako instituzio guztiei patronalaren aldeko esklabotza jarrera izatea leporatu die, eta aldi berean, Gipuzkoako Gobernua zoriondu du lehenengo aldiz zerbitzu publikoak, pertsona erabiltzaileak eta erresidentzietako langileak lehenetsi dituelako.
Bukatzeko, Alternatibatik, eta Adegiren eraso zuzen honi aurre egiteko ahalegin batean, haien elkartasun osoa eskaini nahi izan diote eta gogotsu txalotu dute Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek langileen eskubideen defentsan egindako lana; “klase borrokaren adierazpen maximoa” bezala izendatu dutena.