Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek azken egunetan Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariaren eta zenbait elkartek, “eskubide ukatzaileak eta PPren ildokoak” Bilboko Aste Nagusiaren harira erakutsitako jarrera salatu du, bere ustez, “Espainiako estatuak bizi duen gainbehera politikoa agerian berriz ere utzi baitute”.
Alderdi ezkertiarrarentzat, Urquijok Bilboko jaiak tresna gisa erabili nahi izan ditu, “bere apustu totalitarioaren mesedetan, parte-hartze sozial eta demokratikoarekin zerikusia duen guztia desagerrarazteko helburuarekin, Euskal Herriko gizartea guztiz kontra agertzen den arren pentsamendu jakin bat inposatzeko lanean ari baita”.
Guzti horregatik, Matutek ezinbestekotzat jo du “kaleak hartzen jarraitzea, parte hartzen jarraitzea eta politikagintzarekin aurrera egitea”. Hala, Euskal Herriko gizarteari dei egin dio EHBilduk bihar Bilbon deitutako manifestazioarekin bat egitera, Sasi guztien gainetik Euskal Herrialemapean Moyua plazatik eguerdian abiatuko den martxarekin bat egitera. Esan duenez, “Euskal Herriaren esku, bere burujabetzaren bitartez, herri berria eraikitzeko beharra aldarrikatuko da bihar; herri demokratikoa eta justua: herri berri bat, behetik eta ezkerretik eraikia”.