Kutur Alternatibak Kanarietako ezker subiranistaren ibilbidea ezagutzeko jardunaldiak egingo ditu, bihar Bilbon eta larunbatean Gasteizen. Horretarako, Kanariar Uharteetan gero eta babes gehiago duen mugimenduko ordezkari sozial eta politikoak izango ditugu Bilbon eta Gasteizen. “Kanariar ezker subiranista: Atzo, gaur eta bihar” lemapean, Soberanistas de Izquierda taldeko Shema Riverak eta Hugo Saavedrak hartuko dute parte hitzaldietan, Unidad del Pueblo alderdiko idazkari nagusi Vicente Quintanarekin batera.
Bi hitzaldietako lehenengoa, edukietan berdinak izango badira ere, Bilbon egingo da. Bihar ostirala, irailak 20, izango da, 18:00etatik aurrera La Bolsa auzo etxean (Pelota 10), Alde Zaharrean. Larunbatekoa, hilak 21, berriz, Gasteizko Aldabe gizarte etxean (Portal de Arriaga 1) egingo da goizeko 11:30etatik aurrera.
Hizlariak berton izango direla kontuan hartuta, Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko ordezkaritza bat Soberanistas de Izquierdako kideekin batzartuko da, bertatik bertara ezagutu ahal izateko Kanarietan pizten ari den mugimendu ezkertiar eta burujabea, Euskal Herrian nahiko gutxi ezagutzen baita. Horrez gain, bi alderdien arteko harremanetarako zein elkarlanerako formulak aztertuko dira.