EHBildu Udal Taldeak hurrengo udalbatzarrerako, hilak 25, aurkeztu dituen bi proposamenen berri eman du gaur goizean. Proposamen hauekin, gehien duenak gutxiago ordaintzean oinarrituta dagoen Bizkaiko politika fiskal atzerakoiaren baitan aldaketak sartu nahi ditu. Ana Etxarte zinegotziaren iritziz, proposamen hauekin “egoerari buelta eman” nahi zaio eta “justuagoa eta progresiboagoa den politika fiskal bat lortu”.
Aurkeztutako lehenengo proposamenak, Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatzen die Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga doitzen duen Foru-Araua alda dezala eta etxebizitza hutsaren kontzeptua defini dezala, honela udalei etxebizitza hutsetarako %150en gainordaina jartzeko aukera emateko.
Bilbon etxebizitza-arazo larri bat dagoela adierazi du Etxartek. “Udal-Etxebizitzetan 9.000 pertsona alokairu sozialeko etxebizitza eskuratzeko itxaroten duten bitartean, Udalak 15.567 etxebizitza huts ditu zenbatuta”, aipatu du.
“Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan, etxebizitzaren okupazioaren arabera karga-tipo desberdinak ezartzea edo etxebizitza hutsetarako gainordaina ezartzea dugu helburu, etxebizitzak alokairuko merkatuari bideratzeko bultzada bat izango baita”, EHBilduko zinegotziaren aburuz.
Aldakatea hau jada Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dute eta Donostia, Hondarribia, Irun, Oñati edo Tolosa, besteak beste, aukera honetaz baliatu dira gaionardainak aplikatzeko. Aipatutako udaletatik, EAJk Hondarribin gobernatzen du eta PSEk Irunen; beraz, Etxarteren aburuz alderdi hauek ez lukete inongo objekziorik izan beharko mozio honen alde agertzeko.
Aurkeztutako bigarren mozioa ere, Batzar Nagusiek arautzen duten Ekonomia-Jardueren Gaineko Zergarekin (EJZ) erlazionatuta dago. EHBildu, Batzar Nagusiengana zuzendu da zerga hau arautzen duen Foru-Araua aldatzeko. Egun 2 milioi euroko operazio-bolumena gainditzen ez duten enpresak libre daude zerga hau ordaintzeaz; horregatik, salbuespen hau milioi bat euroko operazio-bolumena duten subjektu pasiboentzako izatea eskatu du.
“Honela, Udal honen Ekonomia Eta Ogasun Sailaren datuen arabera, 773 subjektu pasibok zergak ordaintzeko beharra izango lukete, udal-sarrerak nabarmen handituz. Udalak honela, baliabide gehiago izango lituzke eta EAJren gobernuak ez luke egingo zerbitzu publikoetan egiten ari dena, murrizketak alegia. Adibide batzuk jartzearren, Bilbon bizi garenok ez genuke ikusiko autobusen maiztasuna nola murrizten den edota udal anbulantzien zerbitzua nola %50an murrizten den”, adierazi du Etxartek.
“Ez dugu ulertzen zergatik Bilboko hiritarrok zergak eta tasak ordaindu behar ditugun gure egoera ekomikoa kontutan izan gabe, zaborrengatik, uragatik, etxebizitzagatik… ordaintzen dugun bitartean, enpresa batzuk EJZ ordaintzeaz libre daude. Proposamen honekin faborezko tratu hau desagertzea bilatzen dugu”,esan du.