Bihar Legebiltzarrean egitekoa den zerga politikari buruzko eztabaida monografikoa EAJren eta PSEren inakzioa ezkutatzeko antzezlan hutsa izango dela salatu du EH Bilduk, bi alderdi horiek iragarritako ebazpen-proposamenek orokorkeriak baino ez dituztelako planteatzen eta konponbide zehatzak eta errealak ematen ez dituztelako, Oskar Matutek eta Dani Maeztuk adierazi dutenez. Biharkoa, beraz, “EAJren eta PSEren estrategiaren barruan dagoen elementua da, haien arteko akordioari babesa emateko”.
EH Bilduko legebiltzarkideek azaldu dutenez, EAJk eta PSEk, behar eta premia politiko partikularrek bultzatuta, sinatu dute euren akordioa eta “orain Legebiltzarra erabili nahi dute krisiaren oinarrian dagoen eredu sozioekonomikoari eta Madrilekiko menpekotasun harremanari abala ematen dion akordio hori bedeinkatzeko eta zuritzeko”. Finean, mahai gainean dauden bi ereduak agerian utziko ditu biharko eztabaidak: batetik, EAJk, PSEk eta PPk partekatzen dutena, baliabide gutxien dutenak zigortzen dituena, alegia; bestetik, EH Bildurena, burujabetza osoa eta erreminta propiak eskatzen dituena egungo sistema ekonomiko eta soziala eraldatzeko, gizarte babesa bermatuz.
Horren ildotik, EH Bilduk proposamen zehatzak eta argiak egingo ditu bihar, zerga politikaren arlo bakoitzean, progresibidadean eta aberastasunaren birbanaketa justuago batean sakontzeko. Koalizioak neurri zehatzak ipiniko ditu mahai gainean, beraz, eta horien inguruko iritzia ematera behartuko ditu EAJ eta PSE, euren benetako asmoak zeintzuk diren azalarazteko eta agerian uzteko. Horrela, besteak beste, Gipuzkoan jada aplikatzen den aberastasun handien gaineko zerga Arabara eta Bizkaira ere hedatzea proposatuko du EH Bilduk, bai eta kapitalen errentak gehiago kargatzea eta udal zergak ikutzea ere. Izan ere, EAJk eta PSEk sinatutako itun fiskalak ez du ezer konponduko, beraiek ere aitortu egin baitute, esaterako, ez duela enpleguaren suntsipena saihestuko eta datorren urtean beste 6.000 lanpostu gehiago galduko direla.